|
|
|
Iritzia
Amateurrak antzerki titiriteroak
Asier Agiriano
Gaur egun Euskadiko Euskal Antzerki Topaketak XVIII.en edizioa betetzen dute, eta aurten Gabriel Aresti bilbotarrari eskeintzen zaio omenaldia. Azaroaren 4an hasi ziren eta abenduaren 21erarte izango ditugu ikusgai Azpeitian hainbat antzerki lan.
Udalak topaketei buruz ateratako programari begiradatxo bat bota ezkero, erraz atzeman daiteke aurtengoan profesionalak direla nagusi. Hamar talde profesionalen antzezlanak izango ditugu ikusgai; horietatik sei estreinaldiak noski, eta nola ez, ezin ahaztu, eskola antzerkia. Eskola antzerkiak badu, nere ustez funtzio garrantzitsu bat Euskal Antzerki Topaketetan. Batetik ikastoletako antzerkia bultzatzeko balio du, hau da, haurrek euren ikastola eta ikastetxeetan, ikastorduz kanpo, antzerki eskolatan egindako lanari eskenatoki bat eskaintzen bait zaio. Balore berriak, aktore gazteak, sortarazteko ere balio du ene ustetan. Bestetik, haurrak eta gaztetxoak antzerki zaletasunera bultzatzeko ere balio dute Eskola Topaketek. Hala nola, haur eta gaztetxoei zuzendutako antzezlan profesionalak gehitzea topaketen egitarauari positiboa deritzot.
- en urtean sortu ziren lehendabizikoz euskal antzerki topaketak, eta herrian gainera, Azpeitian. Euskal Antzerki topaketek, euskara sendotzea zuen helburu nagusitzat. Urteak pasa ahala,helburuak gehituz joan dira. Ez naiz guztiak aipatzen hasiko, baina,azpimarratu nahi dudana honako helburu hau da: Euskarazko antzerki amateurrari eskenatoki berriak eskeintzea.
Aipatutako azken helburu hau kolokan jartzen dela iruditzen zait, batez ere azken urteotan. Antzerki amateurra itzalpean eta lekuz kanpo gelditzen ari da Topaketa hauetan; zerbait susmagarria gertatzen ari ote denaren pentsamendua datorkio bati burura.
Antzerkigileok badakigu antzerki obra bat aurrera eramatea zaila dela, hainbat lan egin behar dela horretarako: obra aukeraketa egin edo antzezlana bera idatzi, eta diru aldetik zer esanik ez. Amateur taldeei, Azpeitiko udalak Azpeitian euren antzelanaren estreinaldia egiteagatik ekonomi aldetik dirulaguntza ematen die.
Nik hamaika galdera darabilzkit gaur egungo Euskadiko Euskal Antzerki topaketetan murgilduta gauden egun hauetan:
Non gelditu dira aurten talde amateurrak? Eta herriko, bi antzerki taldeak? Zer gertatzen da hauekin? Zer dio E.A.T.A.E.k(Euskal Antzerki Talde Amateurren Elkarteak)? Udalak talde hauekiko interes gutxi azaltzen al du?
Hasiera batean Topaketak antzerki zaleon bilgune ziren, zertan bilakatu dira gaur egun?
Euskal Herriko antzerki talde amateurrek ez al dute Azpeitian estreinatzeko obrarik?
Dakidan gauza bakarra, urriaren amaieran Elgoibarren antzerki amateurren topagunea izan dela udaletxearen inolako laguntzarik gabe.
Azpeitiko Euskal Antzerki topaketekin zer gertatuko den ideia handirik ez dut, baina arazo baten aurrean gaudela aspaldidanik dakit.
|