|
|
|
Gazteak eta lokalak
: Udala 17 urtetik gorakoen beharrak ere aztertzen ari da
Ia prest dago 13 eta 17 urte bitarteko gazteentzako lokala
Iban Arregi
Lokalak 340 metro koadro ditu, eta Damason dago. Abendu bertan ireki nahi dute. Ikastetxeetako gazte eta arduradunekin bildu dira nolako lokala egin erabakitzeko.
|
|
Damaso auzoan kokatuko da lokal berria, Loiola 91 moduan ezagutzen dugun eraikuntzan.
|
|
Azpeitiko Udalak 13 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako lokala irekiko du, seguruenera hil honetan bertan. Damaso auzoko lokal bat ari dira egokitzen, Loiola 91 izenez ezagutzen dugun eraikuntzan dagoen lokal bat.
Udaleko arduradunek ez dute egun batetik bestera hartu lokal hori irekitzeko erabakia. Herriko gazteen egoera aztertzeko Siadeco enpresa kontratatu zuten, eta ikerketa horretan oinarrituta, gazteentzako baliabideak jartzen ari dira. Neurri horietatik lehenengoa izan zen, hain justu, 6tik 12 urte bitartekoentzat ludoteka bat irekitzea, Santiago kalean. Eta oraingoa dugu, gazte lokala, Udaleko arduradunek gazteentzako baliabideak jartze aldera denbora gutxian egingo duten bigarren obra handia.
Udaleko Gazte Batzordeko arduradunekin hitz egin dugu. Diotenez, «13-17 urte bitarteko tarte hori zaila da, behin adin horretara iritxitakoan ez dakitelako nora joan; edo tabernetara joaten hasten dira, edo jolas-tokietara...». Gazte horiek, lekua behintzat izango dute abendutik aurrera. Izan ere, guztira 340 metro kuadro egokituko dituzte. Besteak beste, gazte informazio bulegoa —30 urte bitartekoentzat—, ordenagailu gela, sukaldea, argazki gela, telebista gela, teatroa... izango ditu lokalak. Lokalaren dinamizatze lanak egiteko teknikari bat kontratatuko da.
Eta 17 urtetik aurrera?
«Beti ere ezinezkoa da gazteen behar guztiak betetzea, baina ahalik eta arlo gehien betetzen saiatzen ari gara». Hala esan digute Gazte Batzordeko arduradunek, herriko gazte askok, 17 urtetik gorakoek batik bat, duten kezkaz galdetutakoan. Hala, herriko nagusiagoentzako ere badaukate proiekturik: Enparan Dorretxean 17 ordenagailu jarriko dituzte, interneterako konexioarekin, eta ikasteko bi gela ere bai; Sindikatu Zaharra ere egokitu egingo dute bilerak egin ahal izateko, eta alboko gela ere bileretarako prestatu; Urrestillako musika taldeekin hauen lokalak egokitzeko akordioa egin berri dute...
- urte dituen bati lokal berrian sartzea ez omen zaio debekatuko, karneta eskatzen-eta ez direla hasiko diote, baina beharrezkoa ikusten dute adin aldetik banaketa bat egitea. «13 eta 25 urteko gazteak elkarrekin sartzen badituzu, eurek egiten dute banaketa; eta gainera, handiak txikiari lekua kentzen dio».
AGZ eta autogestioa
Azken urteetan gazteentzako lokal eske lanean dihardu Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak. Talde horrekin bildu direla, eta berriro ere bilduko direla esan digute Gazte Batzordeko arduradunek. Baina bi aldeen artean desberdintasunak dituzte, sakon-sakonekoak gainera. AGZ taldeak, bide horretatik, autojestioaren aldeko eredua defendatu izan du hasiera hasieratik. Eta Udaleko gazte Batzordeko arduradunei horretaz galdetuta, hauek autojestioaren aurka daudela esan digute: «guk ez diogu dena guk nahi dugun bezala egin behar denik, baina gu ez gaude autojestioaren alde; esperientzia horrek erakutsi digu ez dela ona, talde bat bakarrik geratzen dela lokalarekin, eta herriko gazte asko ez direla bere baitan hartzen». Dena dela, horretaz hitz egiteko beti prest daudela esan digute Udaleko Gazte Batzordeko arduradunek.
|