Gazteak eta lokalak
: Eneko Ibarguren (Azpeitian Gazteok Zer?!-eko kidea)
«Lokal berria ireki arren, gazte asko kalean gaude oraindik»
Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak denbora dezente darama lokal eske; horri buruz jardun dugu hizketan Eneko Ibarguren kidearekin.
|
|
Argazkian Eneko Ibarguren.
(GARA)
|
|
Jose Mari Bastida alkatearekin bilera egin eta lasterrera etorri da gurera. Abenduan alkatearekin beste bilera bat egitekotan gelditu dira.
13tik 17 urtera bitarteko lokala irekitzera doaz. Nola ikusten duzue?
Lokal horrek ez ditu, inondik inora, Azpeitiko gazte guztien beharrak betetzen. Alde horretatik, Azpeitiko Udala gazte lokala ireki behar duela esan eta esan ari den arren, argi eta garbi esan behar da hainbat gazte kalean gaudela oraindik.
Udaleko arduradunek diotenez, ari dira 17 urtetik gorakoentzako ere proiektu ezberdinak aztertzen: Sindikatu Zaharra egokitu...
Hori da azkenengo hiru urteetan udala esaten ari dena. Baina horrekin ez da nahikoa. Behingoz, gazteok dugun lokalaren beharra serioski aztertu behar du Azpeitiko Udalak.
Demagun Azpeitiko Udalak 17 urtetik gorakoentzako lokala prestatzen duela. Hor bi ereduk topo egingo lukete, Udalarenak eta zuenak, ez zaizu iruditzen?
Egia esan behar badut, guk gazte-lokalaren inguruko proposamen bat eman genuen martxo aldera. Proposamen horretan izaera aldetik, funtzionamendu aldetik, egituraketa aldetik, lokala nola ikusten dugun aztertzen dugu. Eta guk ofizialki ez dugu udalaren aldetik inolako proposamenik jaso. Badakigu autojestioaren aurka daudela, baina guri ezer esatera ere ez dira heldu.
Zuek ze funtzio ematen diozue gazte-lokal bati?
Guk garbi dugu, eta hori hasiera hasieratik esan izan dugu, lokala ez dugula helburu moduan planteatzen, tresna bezala baizik.
Zertarako tresna?
Batetik, gazteei eguneroko bizian, aisialdian, beste hainbat gauza egiteko alternatiba moduan ikusten dugu gazte-lokala; bigarrenik, gazteok gure egunoroko dinamikan erraztasunak izateko balioko luke; eta hirugarrenik, gazte koadrilen arteko komunikazioa lantzeko eta hobetzeko balioko luke.
Ordea, eta Udaleko arduradunek diotenez, herrian biltzeko badago lokalik.
Bilerak egiteko, hor dugu Sindikatu Zaharra, baina egundoko papeleoa egin behar da han bilera bat egiteko; sukaldaritzako ikastaro bat nonbaiten egin ahal da, eta beste edozein ikastaro egiteko lokalak ere egon badaude; kontzertuak emateko ere, berdura-plazan, aurretik ordua-eta hartzen baduzu, egin daiteke. Baina oso sakabanatuta daude. Bilgune bat behar-beharrezkoa da.
Azken egunotan udaleko arduradunekin bildu zarete. Zer moduz?
Bai, orain dela pare bat aste bildu ginen Jose Mari Bastida alkatearekin. Eta hitz egiteko prest daudela ikusi dugu, beraiek hala diote. Baina ez daude prest gauza zehatzen inguruan hitz egiteko. Beraiek ikusten badute hor behar bat badagoela, eta beraiek prest daudela hitz egiteko, lehen bait lehen hasi beharko ginateke proposamenen inguruan hitz egiten. Gazteok geurea egin genuen, eta haiek gutxienez erantzun beharko lukete, beraien proposamena zein den esan beharko lukete. Baina benetako eztabaida saihestu egiten dute.
|