Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko abuztuek 1,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Abendua »  Diego Garcia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketa : Diego Garcia (Atleta)

Diego Garcia: “Egindako ametsak bete dira; ez nuen uste horrenbeste iraungo nuenik”

Txetxu Urbieta

Txetxu Urbieta, Euskadi Irratiko kirol kazetari azpeitiarrak egin dio elkarrizketa Diego Garciari, Uztarriarako. Aspaldiko lagunak dira biak, eta seriotasunez jardun dute solasaldian, Diego Garciaren agurra dela-eta.

  (Iñaki Uranga)

Utzi dio Diego Garciak atleta profesionala izateari; 39 urterekin utzi ere. Eta duintasun osoarekin, oso maila onean. Bere karrera luzearen gainbegiratua egin du Uztarria herri aldizkariarentzat, Loiolan, patxadan, udazken euritsu honetako arratsalde batean.

Milaka kilometro egin ondoren, korrika egiteko makina betirako garajean gordetzea erabaki duzu. Garajeko atetik atzera begiratuta zer ikusten duzu?

Gauza asko, onak eta txarrak, baina ni gauza onekin gelditzen naiz, eta gauza on hauen artean, kirol aldetik behintzat, Helsinkiko Europako Txapelketan lortutako bigarrengo postua dago. Baita Munduko Txapelketako seigarrengo postua eta Olinpiar Jokoetako bederatzigarrengoa ere. Hiru hauek izan dira neure lorpenik garrantzitsuenak.

Europako Txapelketako bigarren postu hori Alzheimerrak ere ez lizuke sekula burutik kenduko, ezta?

Ez niri soilik ordea, atletismo zaleei ere ez lieke kenduko. Ametsa egia bihurtu zen.

Adituek diote Gipuzkoak historia osoan eman duen atletarik onena zarela. Soldadutzari ihes egiteko lasterka hasi zen batentzat ez da gutxi, ezta?

Ez, ez da gutxi. Garai hartan derrigortuta joan beharra zegoen soldadutzara. Nik Galizian egin nuen. Baina zorte ona ere eduki nuen, hango atleta batekin topatu nintzelako, eta asko ikasi nuen. Orduan hasi nintzen atletismoa serioago hartzen, eta garai hura garrantzitsua izan zen azkenean iritsi naizen tokiraino iristeko.

Zu Gipuzkoako onena eta Martin Fiz Euskal Herriko onena; haren garaipen handiengatik, askotan ez al dira zure lorpenak behar bezala baloratu gabe gelditu?

Beno, normala da hori ere, ezta? Fiz munduko onenetakoa izan da, munduko txapelduna izana delako, Europakoa ere bai, eta pozten naiz horregatik, baina egia da horregatik nik egin dudana ez dela behar bezala apreziatu.

Zuk lasterka, sufritu ala gozatu egin duzu?

Gozatu azkeneko lau urteetan gutxi gozatu dut, eta sufritu, berriz, asko; gehiegi aspaldian.

Eta ez al zara erre?

Gorabeherak izan ditut, batik bat 1996ko Atlantako Olinpiar Jokoen ondoren.

Erretiratzen jakin edo asmatu al duzu?

Bai. Izan ere, berriro errekuperatu eta azkeneko bi urteetan jendeari demostratu diodala uste dut, Donostian eta Seulen bigarren bukatuz eta Amsterdamen zazpigarren. Berriro goian egon naiz eta hori oso garrantzitsua zen niretzat erretiratzeko. Ez naiz frustratuta erretiratu, oso pozik baizik.

Noiz erretiratu jakin izan duzu. Maratoira noiz pasatu ere bai?

Bai, 1989an ez zegoelako gaur egungo maila bikain hau, ordungoa ere ona zen arren.

Atletismotik bizitzea lortu duten bakarretakoa zara. Beste batzuk goizeko zortzietarako tailerrera sartu behar eta, hala ere, lehenago lasterka egitera joaten dira. Zer pentsarazten dizu horrek?

Ba, ni neu hori ere probatuta nagoela. Batzuek afizio bezala hartzen dute atletismoa eta besteek profesional bezala. Nik biak probatu ditut. Ni eginda nago Zubillaganean hamar ordu lan, irten goizeko seietan, hartu autoa eta Vigoraino (Galizia) joan, Espainiako 10.000 metroetako finala korritu eta seigarren bukatu, 29.01eko denborarekin. Sufritu beharra dago, eta arriskatu beharra.

Atletismoa sakrifizio askoko eta esker gutxiko kirola da.

Bai, eta batik bat maratoia. Lau hilabetean lan handia egin behar da maratoi batera ondo iristeko, eta gero egun batean jokatzen duzu guztia. Gogorra da psikologikoki. Eta maratoian bertan arazo fisiko txikia izanda ere, azkenerako arazo hori handia bihurtzen da, kilometro asko direlako egin beharrekoak.

Teidera joan (Tenerife, Espainia), entrenamendu gogorrak egin, erabat nekatuta egon eta etorkizuna batere argi ikusten ez zenuenean egindako ametsak bete al dira?

Nik uste dut baietz. Orain dela bederatzi urte joan nintzen Teidera, langabeziko dirua eta Lasarteko Krosean irabazitako ehun mila pezeta inbertituta, eta orduan ez nuen pentsatzen maila handi batean horrenbeste iraungo nuenik.

Ez zara laborategiko atletaren eredua. Ez al duzu uste zu eliteko atleta izatea ia-ia miraria izan dela?

Bai, esan daiteke. Gaur egun atleta asko eta askori medikuntzak ia entrenamenduek baino gehiago laguntzen diote. Niri ere lagundu izan dit medikuntzak baina...

Zorte txarra ere izan duzu. Barruan zenuen guztia hustutzeko aukera gutxi izan al duzu?

Bai. Gauza bat dago garbi: askotan ibili naiz 2.10-2.12 inguruan, baina, lesioez gain, bero edo haize handiarekin eta, gainera, proba ofizialetan.

2.09.51eko marka duzu. Zein litzateke zure marka zorte ona izanda?

Nik uste dut 2.08.30 eta 2.09.00 artekoa nukeela.

Bestetik, zer dute Japoniako maratoiek hemengoek ez dutena?

Ba, han maratoia asko bizi dutela, igual hemen futbola bezala. Nik hango garai onenak harrapatu nituen, eta jendeak maite ditu maratoilariak. Diru aldetik ere ondo portatzen dira.

Behobia-Donostia ere gustuko proba izan duzu. Azkenekoan agurtu zinen, bigarren izanez. Zure agurrean zergatik ekarri zituzten tanzaniar bat (garailea) eta etiopiar bat?

Esku beltz bat egon zelako. Badakit zein izan zen bi haiek ekartzea erabaki zuena, eta haren helburua hauxe zen: nik, neure agurrean, ez irabaztea. Eta lortu zuen. Baina nik gustura bukatu nuen. Gainera, zera: nire ezaugarrietako ez da izan irabaztea, eta irabazi izan banu, jendeak pentsatuko zukeen utzi egin zidatela irabazten, ezta?

Azpeitian (eta Azkoitian) atletismoa nola ikusten duzu?

Jendea ari da lanean, Iraurgi klubaren bitartez, baina zaila da atletismoa, puntako beste edozein kirol bezala. Izan ere, gizarteak irabaztea eskatzen die eliteko kirolariei. Txirrindularitzan garai bikainak izan ziren, Miguel Indurainen bitartez, baita atletismoan ere, Fizen eta nire bitartez, eta orain espero dut, maila pixka bat behintzat jaitsi denean, gizarteak ez eskatzea horrenbeste kirolari gazteei eta gehiago laguntzea; bestela ezinezkoa da aguantatzea.

Inguruotan atletismoko pista bat eskatzen ari dira. Pista beharrezkoa da ala bada lehenago egin beharreko zerbait?

Nik uste dut afizioa sustatu behar dela lehendabizi, pista bera jartze soila atlletismoa sustatzeko amua izango balitz ere.

Zer jarriko zenuke lehenago Azpeitian: pista bat ala atletismoko hiru tekniko on?

Hiru tekniko on. Bestela Zumarragakoa gerta daiteke (hara joaten nintzen asteburuetan): pista bai, baina hutsik.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak