Udala
: Talde profesionalak izango dira nagusi aurtengo edizioan
Euskal Antzerki Topaketak azaroan hasiko dira
Udala
Azaroaren 4an emango zaie aurten hasiera Euskadiko Euskal Antzerki Topaketei, nahiz eta azken urteetan urrian hasi ziren. Berrikuntzak ere izango dira: kale antzerkia, esaterako. Aurtengoan omenaldia Gabriel Arestiri eskainiko zaio.
|
|
Iazko Antzerki topaketetako irudi bat.
|
|
Bi milagarren urteko udazkeneko Euskadiko Euskal Antzerki topaketak hastear ditugu jadanik; azaroaren 4an hasi eta abenduaren 21a, Santo Tomas eguna arte, luzatuko dira. Azpeitian ospatzen diren euskaraz eginiko antzerkien topaketak Euskal Herriko antzerkizaleon topagune bilakatu dira, eta urtez urte aurkezten den eskaintza osatuz eta hobetuz joan da.
Aurten, Azpeitiko Udalak antolatutako topaketetan, antzerkiaren zaletu diren guztiek aurkituko dute gustoko zerbait, antzerki eskaintza inoiz baino zabalagoa eta anitzagoa baita.
Sei estreinaldiak
Bederatzi talde profesionalen antzezlanak taularatuko dira, horietatik sei talderen lanak estreinaldiak izanik. Besteak beste, gure artean jada arras ezagunak diren, Bederen 1, Tanttaka, Maskarada eta Tricicle aipatu daitezke. Ohi bezala, euskal antzerki talde eta aktore ezagunenak ikusteaz gain, antzerki amateurrak ere bere lekua izango du. Soilik bi talde amateurrek parte hartuko dute topaketetan, baina bi taldeek euren azken lanak antzeztuko dituzte; hots, bi estreinaldi amateur ikusiko ditugu.
Berrikuntza moduan, Sarobe taldeak Opera batekin irekiko ditu topaketak. Halaber, abenduaren 16an Azpeitiko Musika Bandak, Itsasi Dantza Taldeak eta Julian Barrenetxea Abesbatzak Aretxabaletako abesbatzarekin batera Baserria Zartzuela estreinatuko dute Zelaitxo Antzokian. Beste berrikuntza garrantzitsu bat kale antzerkiarena izango da; modalitate horretan, helduentzat Trapu Zaharrak eta umeentzat Kukubiltxo taldeak arituko dira.
Irrati lehiaketa
Urteroko omenaldiaren sailean berriz, Gabriel Aresti idazle bilbotarra omenduko da, ekintza ezberdinen bitartez. Esaterako, irrati lehiaketaren gai nagusia Gabriel Aresti bera izango da.
Euskal Herriko ikastetxe ezberdinek ere, urtero bezala, euren antzerki lanak taularatuko dituzte azaroaren 27an hasi eta 30a arte, Eskola Antzerki Topaketen barnean.
|