Aldiro taberna eta jatetxeek Osasun Sailekoen bisita izaten dute
Osasun txostenak herriko taberna eta jatetxetan eragin du
Idoia Mendizabal
Urtean behin edota bitan taberna eta jatetxeek Osasun Sailaren ordezkarien bisita izaten dute. Herriko taberna edota jatetxe gehienetan aldaketa txikiak egin beharra izan dute. Pintxoak eta ogitartekoak eman edota bazkari eta afariak eman osasun neurriak aldatu egiten dira.
Urtean behin eta batzuetan bitan, herriko taberna eta jatetxeek Osasun Saileko teknikarien bisita izaten dute. Batzuetan araudiak eskatutako baldintza guztiak betetzen dituzte. Baina beste kasu batzuetan epe bat jarri eta araudia betetzeko aldaketak egin beharra izaten dute. Manuel Alvarez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Urola eskualdeko arduradunaren esanetan, «Azpeitiko taberna eta jatetxeak beste lekuetan bezalaxe bisitak jasotzen dituzte, taberna eta jatetxe guztietan bezala. Eta baldintzak ez badituzte betetzen, epe bat jartzen zaie beharrezko aldaketak egiteko. Aldaketak txikiak edota handiak izan epea ere desberdina izaten da».
Txikikeriak
Herriko zenbait taberna eta jatetxeko jabeei kontsulta egin eta ia taberna guztiek izan dute azken bi urteotan Osasun Sailekoen bisitaren bat edo bi. Baina gehienetan aurkitu izan dituzten hutsuneak txikiak izan dira. Zuhatz tabernako jabearen esanetan, «iturria pedalarekin eta langileentzako takila jartzeko eskatu ziguten lehen aldiz etorri zirenean. Orain dela gutxi, bigarrengoz etorri direnean, berriz, sukaldean lanean ari denak jatekoak prestatzeko karnet berezi bat izan behar duela adierazi ziguten». Amaia tabernan ere iturria pedalarekin jarri beharra izan dute, Osasun Sailak eskatuta bezala.
Ordea, taberna edota jatetxe izan osasun neurri batzuk aldatu egiten dira, esaterako Ustarri Erretegiko jabearen esanetan, pintxoak eta ogitartekoak emateko bi komun edukita nahikoa da. Baina bazkariak edota afariak ematen badira, bertako langileentzat izango den hirugarren komun bat eskatzen dute. Ustarri Erretegiari orain dela bi urte, hirugarren komun bat ipintzeko bi urteko epea eman zion. Gehitu dute komun berria eta bestelakoan, «iturria elektronikoa edota pedalarekin jarri» beharra izan dute.
Osasun Saileko arduradunaren esanetan, «aspaldiko taberna batzutan zera gertatu da, hasiera batean otartekoak edota pintxoak ematen bazituzten, gero menuak edota bazkari eta afariak ematera pasa direla. Kasu hauetan jatetxeei dagozkien baldintzak bete behar izaten dituzte».
|