Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Azaroa »  Iritziak »  Emakumea

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritziak

Pobreziak emakume aurpegia du

Eli Aranguren (Izarraitzpeko Sorginak-eko kidea)

 

Amaitu da jada 2000. urteko emakumeen mundu mailako martxa, baina emakumeen oinazeek bizirik diraute. Bide berri honetan eskakizun garbi batzuk plazaratu ditugu:

-Pobrezia eta indarkeria sexistarekin amaitzea.

-Gizarte instituzioek egoera honekin amaitzeko neurri eraginkorrak hartzea.

Martxa hau aurrera eramateko, mundu osoan zehar emakume ugari mobilizatu dira, zapalkuntza honek munduko txoko guztiak zeharkatzen dituelako lekuan lekuko, garaian garaiko, etengabeko kate ilun eta suntsitzailea eraikiz. Euskal Herrian ere martxa hau isladatu da. Hego nahiz Iparraldeko emakumeek bat egin dugu helburu hauek kaleratzeko garaian, zeren jasaten dugun egoera faktore eta sustrai berdinek errotzen dute. Pobreziak emakume aurpegia dauka, eta errealitate hau gure auzo eta herrietan gero eta gogorrago isladatzen da. Kontuan hartuta Azpeitiko egoera, ez pentsa saldu nahi diguten egoera sozioekonomikoaren gorakadak emakumeontzat onurarik ekartzen duenik. Horra hor, langabeziaren datuak; herrian langabezian dauden %90, gutxi gora behera, emakumeak dira, eta honi gehitu behar zaio emakume kopuru handi batek ez duela izenik ematen INEMen. Honela, esan daiteke herri honetan zabaldu nahi duten langabezi ezaren ideia ez dela erreala. Bestalde, lanean ari diren emakumeen artean, behin-behineko kontratuak, soldata eskasak (gizonezkoekin alderatuta, parekatzen ez direnak: %30 gutxiago kobratzen dugu), ezkutupeko ekonomiaren barnean sailkatzen diren lan motak... dira emakumeak topatzen ditugun aukera bakarrak.

Gainera, pobrezia era eta sektore berriak agertzen dira: ezkongabeak, alargunak, jubilatuak, zeintzu gutxieneko soldata sozialaren azpitik bizi edo eta irautera behartuak diren.

Hori guztia ondorioztatzeko, herrian zabaldu genituen inkesten emaitzak baliatu ditugu.

Gauzak honela izanik, emakumeok zailtasunak eta oztopoak besterik ez ditugu ikusten geure proiektu pertsonalak aurrera eramateko garaian. Gizarte eredu honetan emakumeok menpeko bihurtu nahi gaituzte.

Menpekotasun sozial, politiko eta ekonomiko honek era guztietako bortizkeriak (fisiko nahiz psikologikoak) jasatera garamatza. Eta bortizkeria sexistak askatasuna eragotzi eta murrizten du. Egunerokotasunean gure eskubideak zapalduak direla nabarmendu nahi dugu, gizarte osoaren utzikeria eta konpromezu eza salatuz.

-Nor babesten du legeak?

-Zer egiten du gizarteak arazo hauei konponbideak emateko?

-Zergatik dira emakumeak isolamendua eta gartzela sufritzen dutenak beraien etxeetan?

-Hau al da gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna?

Egoera honek erantzule zehatzak ditu eta gure erabaki eta aukerak askatasunez hartzeko baldintzak bermatu behar ditugu. Instituzioak neurri eraginkorrak bultzatzera derrigortuak egon arren, Azpeitiko emakumeen bizi baldintzak ez dira hobetu. Horregatik, Azpeitiko Udaari konpromiso eta pauso zehatzak ematea eskatu diogu mozio baten bidez. Gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasunean oinarritutako herria eraikitzeko. Martxan jarri behar dugu emakumeon justiziazko aldarrikapenak gizarte osoarenak bihur daitezen.

Oharra:Eskerrikasko inkestak bete dituzten emakume guztiei.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak