Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Azaroa »  Fundiziyue

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketa : Fundiziyue (Musika taldea)

“Diska grabatzen urtea eman dugu”

Nerea Uranga

Fundiziyue musika taldeak lan isilean jardun du azken lau urteotan Urrestillako lokalean. Urtebetean diska grabatzen aritu da lokalean. Gaztelupeko Hotsak disketxearekin Durangoko azokarako kaleratuko du.

 

Noiz sortu zenuten taldea?

94an Fundiziyue Atxubiya, Irimo, Morgan, Maolo Jotakiek eta Ion Alberdik osatu genuen, gero jendeak alde egin zuen, Atxubiya eta Morganek Zilbor Hesteak osatu zuten. Utzi aurretik maketa bat atera eta azken kontzertua Egin Txotx-en jo genuen.

Orduan egun taldea osatzen duzuenok hasi zineten.

Bai, 96an egungo taldea osatu genuen Irimok (kitarra) eta Ion Alberdik (ahotsa), Ondarru (bateria), Joxemai Larrañaga (baxua) eta Ion Iraetarekin (kitarra).

Talde berriro sortu eta Euskadi Gazteako maketa lehiaketa irabazi zenuten.

Taldeak udan, Urrestillako beste lau talderekin bat diska atera zuen. Diskan sartu genituen kantuekin irabazi genuen maketa lehiaketa, epaimahaiaren saria jaso genuen.

Eta grabatu zenuten lehen diska hark harrera ona izan al zuen?

Aurkezpena Eperra tabernan egin zen. Gero dezente saldu zen. Auto-produzitutako diska izan zen, Urrestillako taldeak egindako diska.

Garai hartan makina bat kontzertu eman zenituzten.

Nahikoa. Saria irabazi eta lau hilabetetan ia hamabostean behin jo genuen. Astean bi aldiz ere jo izan genuen.

Eta urte hauetan zertan aritu da Fundiziyue?

Lau urteotan geure martxan jarraitu izan dugu. Kontzertuetan eta IZ disketxekoekin kontaktuak izan genituen, baina geuk egin behar genuen apustua. Orain harrapatu bagintuen sariak, desberdina litzateke. Ondo etorri zaigu geure kasa lokalean jardutea.

Nola definituko zenukete Fundiziyueren musika?

Pop-rock da.

Durangoko azokarako diska berria aterako duzue.

Bai. Mugitzeko gogoa egin zaigu. 24 kanta eginda genituen eta 12 aukeratu ditugu diskarako. Grabatzen urtebete eman dugu. Lokalean bertan grabatu dugu, 16 pistako mahaia daukagu eta ordenadora ere badugu; horrek aukera ematen du diska bertan grabatzeko. Tekniko lanetan Atxubiya eta Iosu Galtxa jardun dira. Guk grabatutakoa, disketxe batekin aterako dugu, Gaztelupeko Hotsak disketxearekin.

Aurretik diska batean parte hartu izanak eraginik izan al du bigarren diska ateratzeko orduan?

Ez. Lau urteotan jendea ahaztu egin da. Fundiziyue izenak ere ez du balio izan, geu mugitu gara.

Kantuak zeuek egiten al dituzue? Eta hitzak?

Kantuak guk egiten ditugu. Oraingoan bertsio bat ere jaso dugu, Itoitz taldearen Espaloian kanta. Hitzak erdiak beste batzuenak dira —Xabier Alday-renak eta Bingutxo-renak—, besteak guk idatzi ditugu. Zaila da hitzak idaztea, eta ekartzen dizkigutenak eskertzen ditugu.

Aurreneko diskarekin alderatuz, zer du berria bigarrenak musika aldetik?

Dena da berria eta denak dauka zerikusia lehengoarekin. Aldaketa badago, baina lehengo zentzua ere jasotzen da. Bateratuago gaude. Azken finean, beti dago bilakaera eta berritzen joan gara, orain oinarri bat da-go, egungo soinua askoz konpaktuagoa da.

Egun, herriko musika talde beteranoetakoa da Fundiziyue, ezta?

Bai? Ba, agian bai.

Zer egoeratan daude egun musika taldeak Azpeitian?

Mugimendu asko dago. Jendeak daukan ilusioa aldatu egin da, batzuk grabatzen ari dira. Jesusen mugimendua dago. Taldeez gain azpiegitura bat sortu da. Orain talde berri bat etortzen denean hona, Urrestillako lokalera, aukera handia dauka grabatzeko eta gauzak egiteko. Grabatzeko, adibidez, mahaia daukagu, eta horrek izugarrizko ilusioa egiten du. Gainera, jende desberdina biltzen gara, musika desberdina egiten da. Baina hemen taldeek kanpora ateratzeko beldurra daukate, hobby bezala hartzen da eta ez da ausardiarik kanpora ateratzeko. Beste leku batzuetan jendea gehiago arriskatu da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak