Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Azaroa »  Uztarria biografiak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kultura : Takolo, Otaegi, Imanol Elias eta Joxe Lizaso dira pertsonaiak

Uztarriak lau azpeitiarren biografiak egingo ditu

J. Alberdi

Uztarria Kultur Koordinadorak, informazio alorrean herria aberastearren, lau liburuxka biografiko aterako ditu. Joxe Takolo, Angel Otaegi, Imanol Elias eta Joxe Lizaso hartuko ditu pertsonaitzat. 2001ean argitaratuko dira lehen bi liburuak, 2002an beste biak.

Uztarria Kultur Koordinadorak informazioaren alorrean —herri aldizkaria behin sendotu ostean— beste proiektu interesgarri bat jarri du martxan: azpeitiarrei buruzko liburuxka biografikoak. Hala, eta oraingoz, lau liburuxka biografiko argitaratuko ditu hurrengo urtetik aurrera, euskara hutsean, eta Joxe Urbieta Takolo, Angel Otaegi, Imanol Elias eta Joxe Lizaso hartu ditu Uztarriak pertsonaitzat (Lizasorena baliteke Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin batera egitea). «Direnagatik edo izan direganatik hautatu ditugu, bakoitza bere esparruan edo esparruetan garrantzitsua delako edo izan delako Azpeitiko herriarentzat (baita kanpora begira ere). Eta aktualitateari eman diogu garrantzia», dio Uztarria Kultur Koordinadorak. «Bada beste azpeitiarrik biografiarik merezi duenik, baina haietako batzuei buruzko lanak badaude edota argitaratuko dira, eta beste batzuen inguruko zerbait, berriz, agian egingo da hurrengo batean». 2001. urtean Takolorena (apirilean) eta Angel Otaegirena (irailean) argitaratuko ditu, eta 2002. urtean Imanol Eliasena eta Joxe Lizasorena.

Liburu aldetik Azpeitian, «salbuespen garrantzitsuak salbuespen», kanpora begirako lanak egiten direla dio Uztarriak —«beren garrantzia azpimarratuz»—, eta produkzio aldetik «hutsune hori ikusi eta Azpeitira begirako produkzioak merezi duelakoan egingo ditugu liburuxka hauek, herria informatiboki aberasteko betiere».

Liburuxka bakoitzak 150 bat orrialde izango ditu, formato txikian, 1.200-1.500 aleko tiradarekin, eta bakoitzaren aurrekontua 700 mila pezetakoa da; %55 erakunde publikoen bidez finantziatu nahi da (Udalari liburuko 175.000 pezeta inguru eskatuko zaizkio). Bestetik, pare bat iragarle garrantzitsu sartu nahi dira ale bakoitzean, eta elkarte batzuei ere eskatuko zaie dirulaguntza. Liburuak oso modu onean erosi ahal izango dira; Uztarria herri aldizkariko bazkideek, ordea, doan jasoko dituzte liburuak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak