Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Azaroa »  Bertso eskola

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bertsolaritza : Erniarraitz Bertso Elkarteak antolatu ditu

Bertso eskolak abian dira

Nerea Uranga

Bertsozale eta bertsolariek bailarako Erniarraitz Bertsozale Elkartea sortu dute. Bertsoaren inguruko ekitaldiak koordinatu asmoz eratu da. Bertso-eskolak martxan jarri dira.

Erniarraitz-en lokalak
Erniarraitz-en lokalak.    (Jaione Unanue)

Erniarraitz Bertsozale Elkarte sortu berrian bailarako bertsozale eta bertsolariak elkartu dira. Azpeitiko Udalak Hartzubia Hiribidean lokalak utzi dizkio, lehen Udal Euskaltegiko ikasgelak zeuden lekuan. Jokin Uranga elkarteko kidearen esanetan, Herriarteko Bertsolari Txapelketaren inguruan bildu ziren bertsozaleek sortu dute Erniarraitz: «Iaz inguruko bertsolari eta bertsozaleak biltzen hasi ginen Herriarteko Bertsolaritza Txapelketa antolatzeko. Azpeitian talde polita lortu genuen, eta jarraipen bat emanda, bertatik atera da Erniarraitz Bertsozale Elkartea».

Ekitaldien koordinazioa

Bertsozale elkartea, bailaran bertsoaren inguruan egiten diren ekitaldiei jarraipena egin eta koordinatzeko asmoarekin sortu da.

Uneotan bertso eskolak antolatzen eta martxan jartzen ari da, Azpeitia, Azkoitia eta Errezilen. Jokin Urangak dioenez, «orain bertso-eskolekin ari gara lanean; Azkoitian eta Errezilen hasi berri dira, eta Azpeitian aurki hasiko gara. Hemen bertso-eskolak ematen Leire Ostolaza ariko da. Eskolarteko bertso-eskolak berriz, ikastetxe bidez bideratuko ditu elkarteak. Badakigu Azpeitia mailan jende ugari animatuko dela bertso-eskolan parte hartzera». Eskolak, ezagutzaren arabera, maila desberdinetan sailkatuko dira, eta ikastetxeetan adinaren araberako mailak izango dira.

Aurtengoa ez da aurreneko urtea herrian bertso-eskolak martxan daudena. Ordea, bertsozale elkarteak aurreko urteetan baino egokiroago antolatu nahi izan ditu eskolak. Erniarraitzeko bertsozaleen esanetan, «aurreko urteetan fundamentu handirik gabe aritu ginen. Bailaran bertsolaritzak duen pisua eta zenbat bertsolari dagoen ikusita, eta zaletasuna ere hor dago, uste dugu bazela garaia zerbait txukunagoa aukezteko».

Azpeitiko bertso-eskola berrian izena eman nahi duenak 943 813056 telefono zenbakira dei dezake.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak