|
|
|
Erreportaia
Xoxoteko aterpea noiz arte itxita?
Nerea Uranga
Irail amaieratik Xoxoteko aterpea itxita dago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eragotzi egin baitu jan eta edaten ematea.
Egun, obrak egin ezean, Xoxoteko aterpeak mendiko aterpe bezala bakarrik funtziona dezake.
Xoxoteko aterpea, ia hilabete da itxita dagoela, irailaren bukaeratik hain zuzen. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik helarazitako txosten sanitarioak, aterpeak dituen hutsuneak direla-eta bertan jan eta edaten ematea eragotzi baitu. Manuel Alvarez Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Urola eskualdeko koordinatzailearen esanetan, «guk ez dugu itxi. Xoxoteko aterpeak berez ez ditu betetzen aterpe batek bete beharreko baldintzak, eta horregatik ezin da, orain arte bezala, bertan edan eta jaten eman. Baina mendiko aterpe bezala funtziona dezake; hau da, norberak jana eta edana eramanda, bakoitzak berea prestatuz, mendiko aterpeetan bezala. Eta bertan lo egiterik ere ez dugu eragotzi. Orain arte bezala funtzionatzen jarraitzeko, txostenean aipatutako baldintzak bete beharko dira eta horretarako obrak egin beharko lirateke».
Gaur egun, Xoxoteko aterpearen erabilera Gipuzkoako Federazioaren esku dago, Lagun Onak Mendi Bazkunarekin 1992-2002 urte arteko kontratua sinatuta baitu. Uneotan, Federaziokoak eta Lagun Onak harremanetan jarrita daude, aterpeari irtenbide bat eman asmoz eta aurrera begirako erabakia hartzeko. Hala ere, Imanol Exposito, Gipuzkoako Mendi Federazioko aterpeen arduradunaren iritziz «gehiegizkoak» dira mendiko aterpeek bete-beharreko baldintzak, «Osasun Sailekoek, zaku berdinean sartzen dituzte jatetxe bat eta mendiko aterpe bat. Sukaldea, nik neuk ez dut gaizki ikusten, baina eskuak garbitzeko iturri bat, aldatzeko gela bat eta Kiruri jatetxekoen antzera jantzita egotea eskatzen dute, hori mendian ez da posible. Lurrean zerrautsa zegoela zehazten dute, baina kanpoan euria ari badu, eta lurra bustita badago, atetik sartzen dena ez erortzeko hartzen den neurri egoki bat dela iruditzen zait niri. Azkenean horrelako txorakeriekin egiten dute dena».
Aterpeari konponbidea
Aurrera begira, Federazioaren aburuz, alde guztiekin harremanetan jarri eta konponbidea eman behar zaio aterpeari. «Arrazoia zera da: aterpe bat eduki, gainera orain arte funtzionatu duen bezala —ondo— eta aterpea ixtea... aterpe bat izan eta bera ixtea atzerapauso bat ematea da. Gure asmoa, Lagun Onak, Foru Aldundia eta udalarekin hitz egitea da. Asmoa, ahalik eta azkarren mugitzen hastea da. Aurreneko pausoak, aterpea nola gelditzen den inguruan eman eta zer ideia daukagun inguruan hitz egitea da».
Dagoeneko Xoxoteko aterpearen egoeraren inguruan hainbat bilera izan dituzte alde desberdinek; udalak eta Lagun Onak-eko ordezkariek esaterako. Alejo Uranga, udaleko Kirol Batzorde-buruak dioenez, «pausu desberdinak eman behar dira aterpearen inguruan eta gure ideia aterpea irekitzea da eta berriro ahalik eta egokien martxan jartzea. Gaia ez dagokio Kirol Batzordeari bakarrik, Ingurugiro Batzordea eta udalari orokorrean dagokion gaia da. Aterpea bera eraiki zenean, eraikitzeko dirulaguntza Foru Aldundiak, Mendi Federazioak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta udalak orokorrean eman zuten».
Hamasei urtean egon da aterpea martxan, eta modu batera edo bestera, erreferentzi bihurtu da. Irekiko al da berriro aterpea?
|