Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Urria »  Otaegi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Otaegi : ‘Txiki’ eta biak gogoratuko dituzte Gudari Egunean

25 urte badira Anjel Otaegi nuarbetarra afusilatu zutela

Iban Arregi

ETAko bi militanteekin batera, Francoren errejimenak FRAPeko hiru kide ere hil zituen. Azpeitian egiten zuen lan Otaegik, eta koadrila ere bertakoa zuen. Egunotan mobilizazioak ditugu herrian, haiek gogoratzeko.

Anjel Otaegi
Anjel Otaegi.   
Maria, Otaegiren ama, haren hilobiaren aurrean
Maria, Otaegiren ama, haren hilobiaren aurrean.   

Otaegirekin batera herri oso bat afusilatu nahi izan zuten». Anjel Otaegi nuarbetarraren exekuzioari arrazoiren bat aurkitu nahiean-edo, askotan entzun dugu antzekorik. Era batera edo bestera frankismoari aurre egin zion herri bati emandako eskarmentu modura ulertu izan ditugu Otaegi eta Jon Paredes ‘Txiki’-ren hilketak.

1975ko irailaren 27an hil zituzten Txiki eta Otaegi ETAko militanteak, afusilatuta. Haiekin batera, FRAP talde iraultzaileko Sanchez Bravo, Baena eta Garcia Sanz ere exekutatu zituzten.

Herriko semea

Herri bati eskarmentua eman behar zitzaion, eta zer hoberik horretarako herriko seme bat hiltzea baino. Garai hartan euskal herritar hainbatek moduan, Otaegik, nuarbetar baserritar harek, ETAko militanteak lagundu zituen, azpiegitura eskainiz. Eta horregatik hil zuten. Ez zuen zalantzarik izan liberaturen bat etxean hartu eta laguntzeko, edota hainbat eta hainbat borrokatan parte hartzeko. Eta errejimenak Otaegi hautatu zuen Euskal Herria zigortzeko. Herri oso bat izan zen errejimenaren aurkako borrokaren oinarri, eta guztiek ordaindu behar zuten. Baserritarrek, ikasleek, langileek eta dendariek. Horregatik hil zuten Anjel Otaegi.

Otaegik 33 urte zituen hil zutenean. Nuarbetarra zen, baina haren amak bere garaian aitortu moduan, «oso azpeitiarra» ere bazen. Koadrila eta lantokia Azpeitian zituen, baita elkartea ere. 1974ko azaroaren 18an Nuarben bertan, etxean, atxilotu zuten.

Espetxea eta exekuzioa

Otaegi Martutenen espetxeratu zuten, eta 1975eko maiatza bitartean han eduki zuten. Orduan eraman zuten Burgosera, militante nuarbetarra hil zuten lekura.

Apirilaren 26an Espainia-ko Gobernuak salbuespen egoera ezarri zuen Euskal Herrian, eta hurrengo egunean Otaegiren aurkako heriotze zigorra eskatu zuen fiskalak. Salbuespen egoera gogorra izan zen Euskal Herrian: atxiloketa ugari, tiroketak, prentsaren aurkako zentsura, atxilotuen aldeko manifestazioak eta grebak... Giro horretan egin zituzten Otaegiren eta besteen aurkako gerra kontseiluak. Azkenean, esan bezala, 1975 irailaren 27an hil zituzten bost gazteak.

Otaegi Burgoseko espetxean bertan hil zuten, baratzeko paretaren kontra. Bere amak bezperan ikusi zuen azkenekoz bizirik. Hautsi buletinaren zazpigarren aleak dionez, hauek izan ziren Otaegik amari esandako azken hitzak: «Guk Euskal Herria askatzeko borrokatzen dugu; eta euskal herriak jakingo du nolakoa den eta nola hiltzen den euskaldun bat».

Ekitaldiak

Irailean, Txiki eta Otaegi 25 urte hil zituztela gogoratuz hainbat ekitaldi egin ziren. Irailak 24an, 11etan herriko plazatik irten eta Nuarbera oinez joan zen jendea. Nuarben omenaldia egin zitzaion eta gero bazkari herrikoia. Irailak 27, Gudari Egunean, manifestazioa eta herriko plazan omenaldia egin zen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak