Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Urria »  Kmk´00

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kmk´00 : Goizeko hamarretan irekiko da ibilbidea

Herri inguruetan barrena

Nerea Uranga

100.000 lagun espero dituzte KMK’00ko antolatzaileek. Azpeiti eta Azkoiti inguruetan 16.000 auto eta 600 autobusentzako lekua aurreikusita dago. Ibilbideko zazpi gunetan denentzat denetik izango da.

Ikasberri Ikastolan emango zaio hasiera KMK´00ko ibilbideari
Ikasberri Ikastolan emango zaio hasiera KMK´00ko ibilbideari.    (Nerea Uranga)

Iaz urruti ikusten zen, 2000ko urriak 1a, herrian Kilometroak ospatuko zen eguna. Baina jada esku bakar batez konta ditzakegu Kilometroetarako falta diren egunak, bezperako egunetan gaude.

Kilometroetan 100.000 lagun espero dituzte antolatzaileek, Mailu Gurrutxaga KMK’00ko koordinatzailearen esanetan, «100.000 lagun espero ditugu, baina eguraldiak eta ospatzen diren lekuak ere eragina izaten dute Kilometroetara datorren jende kopuruan».

KMK’00 habian

Kilometroen inaugurazio ekitaldia 9:30etan egingo da Ikasberri ikastolan eta 10:00etan zinta mozketarekin ibilbidea irekiko da. Zirkuituari buelta osoa eman eta gero, Ikasberrin bertan datorren urteko Kilometroak antolatuko dituen Beasaingo ikastolari lekukoa pasa eta omenaldiari ekingo zaio. Aurtengo Kilometroetan hainbat pertsona omenduko dira: batetik Euskal Herriko bost lurraldetan ikastolaren alde ihardun duten bost pertsona; Azpeitian orain dela 35 urte ikastolaren sorreran lan egin zuten Inaxio Mari Olarte, Patxi Azkargorta eta Anbrosio Goenaga eta Ikasberri ikastolako lehen batzordea osatu zuten hamairu lagunak izango dira omenduak.

Ikasberrin ekitaldiak aurrera egiten duen einean, Euskal Herriko herri eta txoko ezberdinetatik jende andana hurbilduko da herrira. Autoak eta autobusak gehituz joango dira, eta hauek ondo aparkatu eta trafikoa zuzentzen lagun-talde ugari arituko da bai Azpeitian eta baita Azkoitian ere. Autoentzako leku arazorik ez dela izango pentsatzen dute antolatzaileek, «Jendea ibilbidera hurbilduko duten autobus lanzaderak ibiliko dira Danonatik, Urrestillatik eta Azkoitiko GSBtik. Lekua izango da aparkatzeko, 16.000 autorentzako eta 600 bat autobusentzako lekua aurreikusten baitugu. Gainera, herri guztietako talde eta erakundeei deia egin diegu Kilometroetarako autobusak antolatzeko». Aparkalekuak, Landetako industrialdean, Lan Mobel atzean, Marcial Ucinen, Berdelarin, perretxikoan, Basarteko industrigunean, Eroskin eta Azkoitian herri guztian zehar kokatuko dira.

Denean denetik

Ibilbideak ia zortzi kilometro izango ditu. Ikasberri ikastolatik hasi eta Azkoitirako norabidea hartuko du, Berrosteta baserriaren inguruan ibaia gurutzatu eta Loiolarako bideari ekingo dio trenaren bide zaharretik, Loiolatik eta atzeko bidetik Sanjuandegira, Sanjuandegitik Garmendi baserritik Goenako kanpara, handik Larre baserriko bideari ekin eta Lan Mobel atzeko kanpatik Kiroldegi atzera, handik bueltan Loiolabidetik berriro Ikasberrira.

Ibilbidean zehar zazpi gune daude, Ikasberrin, Azkoitira bideko autoeskolan, Loiolan, Goenako kanpan, Lan Mobel atzeko kanpan, Anexon eta herriko plazan. Gune guztietan ume, gazte eta helduentzako ekitaldi eta ekintzak antolatu dira, «Denetan denetik izatea aurtengo Kilometroen berezitasuna da. Gure nahia ibilbidean batetik bestera jendea mugitzea da. Horretarako, leku guztietan denek aukera izatea nahi izan dugu», dio koordinatzaileak.

Guneetan, musika ekitaldi desberdinez gain, bestelako ekintzak egiteko parada izango da, hala nola, Ikasberrin 30 metrotako igerileku handia muntatuko da piraguetan ibiltzeko. Lan Mobel atzeko kanpan abentura eta sentsazio gogorrak gogoko dituztenentzat puenting-a egiteko aukera izango da, 80 metroko bi garabi muntatuko baitira, eskalatzeko rokodromoa ere izango da. Goenan berriz karting-en zirkuitua izango da motorzaleentzat. Bestalde, ibilbidean gustu guztietarako jan eta edanaren faltarik ez da izango.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak