Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 8,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Urria »  Kmk´00 »  Sortzaileak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kmk´00 : Hainbat oztopo gainditu zituen herriko lehen ikastolak

35 urte herrian

Miren Epelde

Herrian ikastola sortzeko lehen urratsak orain 35 urte eman zituzten Azkargorta, Goenaga eta Olartek. Oztopo ugari izan zituen ikastola hasi berriak. Sortzaileen ametsa eskolaurretik euskal unibertsitatera heltzea zen.

Lehen ikastolaren sortzaileetako bi, Azkargorta eta Olarte
Lehen ikastolaren sortzaileetako bi, Azkargorta eta Olarte.    (Leire Larrańaga)

Ahaleginak izan zituen bere fruituak, 1965-66an haur gutxi batzurekin martxan jarri zen ikastola. Burubelarri, ikastola sortzen aritu zirenak Inaxio Mari Olarte, Anbrosio Goenaga eta Patxi Azkargorta izan ziren. UZTARRIA-koak eurengana jo dugu sorreraren berri jakiteko, ordea Anbrosio Goenaga kanpoan izan-eta beste biekin hitzegin dugu.

Ikastolaren sorrerak izan zuen makina bat lan eta katramila. Ikastola sortu aurretik elizako kongregazioan euskara eta euskal kultura sendotzearen aldeko pausuak emanak ziren, «Sail batzuk sortu ziren: euskal kultura jorratzen zuena, helduen alfabetatzean aritzen zena, horretan Juanito Goikoetxea Txikiye ibili zen. Dantza taldea ere bazen Karmelo Etxegarai izenekoa, gero ikastolak hartu zuen izena».

Euskaltzaleengana

Txikienekin lanean hasteko ideia ere Kongregazioan sortu zen Olarteren hitzetan, «Haurrek ikasketa guziak gaztelaniaz jasotzen zituzten, jolasean-eta erdaraz aritzen ziren, zenbakiak ere erdaraz zekizkiten. Ikastola sortzeko ordea, diru bila hasi beharra zegoen. Horretarako norena jo? ba, euskaltzaleengana. Zuzenean Patxi Azkargorta eta Anbrosio Goenagarengana jo genuen».

Ordurako hainbat herritan ikastola hasi berriak baziren, lehenetakoa Lazkaon sortu zen, Errenterian, Zarautzen eta Deban ere bazen ikastola, «ikastoletako ordezkarien artean egiten ziren bileretara joaten gińen. Ze pauso eman behar ziren, ze oztopo aurkituko genituen jakiteko».

Sortu berri ziren ikastolak ere bisitatu zituzten sortzaileek, eta ezezagun zuten pedagogia bat aurkitu zuten, «ez zen ezagutzen genuen pedagogia klasikoa. Jolasean eta jolas giroan ikasten zuten. Garai hartan herrian sikologo eta sikiatra batzuekin hitzaldiak antolatu genituen gurasoentzat. Hitzaldietara euskaltzaleak zirenak eta euren haurrak ikastolara bidaltzen arriskatuko zutenak gonbidatu genituen».

Legez kanpo

Garai gogorrak pasa zituzten ikastolaren sortzaileek, «lehenengo pausoak zailak izan ziren, baina hizkuntza bat dakienak, hizkuntza horretan errazago ikasten du». Ikastola legez kanpo zegoen, gurasoen pentsakera ere zalantzazkoa zen, ekonomi arazoak zituen ikastolak eta material beharrean zegoen, irakaslerik ere ez zen euskaraz irakasteko prestatuta. «Euskal kulturako taldean zeuden bi, Kontxu Odriozola eta Mari Tere Garmendia joan ziren, ikastoletarako irakasleak prestatzeko Donostian sortu zen egoitzara».

Ordea, haur gutxirekin hasi zen ikastola, pixkanaka indartuz joan zen eta Zentenario etxeetako ikasgelak txiki geratu ziren. Legearekin ere topo egin zuen, ispixioak pasatzen hasi ziren ikastolatik. Angiozartik andereino euskaldun bat ekarri zen Maria Angeles, eta Presen Aizpuru, gerra aurretik magisteritza egina zuenak, titulua eskaini zuen ikastolaren alde, «bolada batean, Gipuzkoan ikastolak itxi zituzten. Hori ikusirik, elizari heltzea pentsatu genuen eta elizaren aldeko babesa hartu genuen. Orduan, Konkordatuak bere eskolak eduki zitzakeen, dotrinara etorriko balira bezala. Baina, elizarengain ez zegoen ikastola, gure esku zegoen eta hori zen guk nahi genuena».

Leku beharrean, sortzaileak Gogarte etxearen eskaria egin zuten, hutsik zegoela-eta. Eskaera Erromaraino heldu zen eta handik baita baimena etorri ere, «Garate, Bergara eta beste jesuita batzuen bultzada izan genuen. Elizak bere ordezkaria jarri zigun, Jose Lasa, honek lan asko egin zuen ikastolak legeztatzeko».

Eskolaurretik unibertsitatera

Sortzaileek etengabeko lana egin behar izan zuten garraioa, jangelak, irakasleen soldatak, gurasoen heziketa, kirola eta udalekuak antolatzen, «gure ametsa zen, eskolaurretik hasi eta euskal unibertsitatera heltzea».

Ikastolaren indartzeak, antolaketa handitzea ekarri zuen sortzaileen hitzetan, «diru handiak, bola handitu zuen, beste maila bateko erakundea eskatzen zuen, horretan ikastola koperatiba sortu zen. Helburua, kristau hezieran haurrak beren ikasketak euskaraz egitea zen». Ikastola koperatiba egin zenean sortu zen lehen batzordea.

Sortzaileek gibelera begiratu eta ikastolaren sorrera garaiak pozez gogoratzen dituzte, «ederra huan, poza gelditzen da. Euskarari bultzada eman genion».

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak