Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Urria »  Kmk´00 »  Iritzia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kmk´00 : Iritzia

79tik 99ra egin ez zena, 00tik aurrera egitera

Uztarria Kultur Koordinadora

Kilometroen urtea da 2000. hau, eta ona da Azpeitiak antolatzea horrelako ekitaldi garrantzitsua; batetik, kanpokoentzat herria bera erreferentzia delako —batik bat festaren egunean—, eta, bestetik, herrian bertan mugimendua handia izaten delako urtean zehar antolatzaileei esker.

1979an ere antolatu zituen Azpeitiak Kilometroak. Ikastolaren mugimenduari itxuragabeko mesedea egin zion, eta poztekoa da hori, hezkuntza sistemaz gain euskara ere atera zelako garaile. Uztarria Kultur Koordinadorak ikuspegi zabalago batekin jorratu nahi du artikulu hau, euskarari helduz soilik, eta, gure ustez, batasun handiko 1979ko ekitaldi hark ez zuen akuilu funtzioa bete edo eraginik izan herriko beste arloetan, nahiz eta euskaltzale eta talde bakan batzuen lan eskerga hor egon den.

Uztarria Kultur Koordinadoraren ustez, azken aldian gauzak aldatzen hasiak dira, eta Azpeitia alor honetan herri eredugarri izateko oinarriak jartzen hasi gara guztion artean. Erakunde mailan hor dago, esate baterako, lehengo urteko udaberritik Azpeitiko Euskara Patronatua. Herri mugimendu mailan, berriz, Uztarria Kultur Koordinadorak sortutako herri aldizkaria, adibidez. Bestetik, ikastetxeetan, komertzioetan eta abarretan inplikazioa gero eta handiagoa da euskararen alorrean.

Horri guztiari eransten baldin badiogu azpeitiarron %87ak euskaraz badakiela eta hauen artetik ia guztiek egiten dutela, gainera, euskaraz espainolera jo gabe, bistan da une hauetan berez oso baldintza onak ditugula gure herri hau erabat euskalduntzeko.

Orain arte egin ez dena egiteko aukera dago. Baina alde batera utzi behar da azkeneko hogei urteetako funtzionamendua, euskararekin zerikusia duten talde edota erakundeek (euskara taldeek, kirol taldeek, kultur taldeek, udalak, ikastetxeek, saltokiek, enpresek...) ezin dutelako bakoitzak bere erara funtzionatu. Batasuna behar da. Bat egin behar da, betiere errealitatetik abiatuta. Izan ere, egia gordina da talde edo erakunde haietako batzuk ez direla ohartu ere egiten euskararekin zerikusirik dutenik, ez dira ohartzen beraiek ere egiteko asko dutela (ia enpresa denek, adibidez, barruko paper kontua; edo saltoki batzuek erakusleihoetako inprimakiak...), eta, beraz, hasieran zaila izango da eragile guztiak batzea. Baina badira beste talde edo erakunde batzuk kontzientziatuak, eta horiek hartu behar dute akuilua, 1979tik hartzeke dagoen herriko akuilu hori.

Uztarria Kultur Koordinadorak euskara du —komunikazioaz eta Kultur Etxeaz gain— helburu na-gusia, eta konbentzituta dago herrian Euskara Elkarte zabal bat sortzen bada, baliabideak jartzen badira, plangintza bat egiten bada, eta kontzientzi lan handia bada, Azpeitia bere alor guztietan denbora gutxian herri euskalduna izango dela. Herri eredugarria, hitz bitan.

Hurrengo zita, ordea, urriaren 1ean dugu euskaltzaleok. Ondo izan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak