Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 13,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Urria »  Kmk´00 »  Bertsolaritza

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kmk´00 : Joxin Iturriotz (Urolaldeko bertsolaritza lehiaketako irabazlea)

“Ahozko bertsoari lehentasuna eman nahi diot”

Nerea Uranga

Ikasberri Ikastolak KMK’00 ekitaldien barruan antolatutako Urolaldeko Bertsolaritza XX. mendean lehiaketako saria jaso du Joxin Iturriotz azpeitiarrak, eta ikerketan dabil burubelarri, gero aterako den liburua osatzen.

 

Lehiaketara aurkeztu eta zure lana aukeratu dute Urolaldeko Bertsolaritza XX. mendean lana egiteko?

Nik proiektua aurkeztu nuen, kronika bat, zerbait didaktikoa ez ikerketa akademiko bat eskatzen zuten. Bertsoen antologia txiki bat.

Zer landuko duzu bertsolaritzaren barruan?

Asmoa bapateko bertsoari indar handiagoa ematea da. Normalean bapatekoak jasogabe daude, idatzizkoa gehio jaso da ahozkoa baino. Nik ahozkoari lehentasuna eman nahi diot. Asmoa ahal den neurrian bertsoarekin zerikusia duten denak jasotzea da. Gertatzen da, batzuk lagata daudela, ez dago ezer gordeta. Orain zerrenda osatzen ari naiz, oso zerrenda zabala, ahal bada denen bertso bana jasoko dut. Saiatzen ari naiz, bertsolaritzaren gorabeheren inguruan hari bat ematen, harira bertsolariak lotzen joango naiz, horrelako nahasketa bat eginez.

Ze epe duzu lana bukatzeko?

Epeak atzeratzen joan dira, hasieran urriak baterako zen, orain asmoa Durangoko azokarako ateratzea da. Epea txikia dela iruditzen zait, baina normala denez Ikasberrikoek aurten atera nahi dute. Epea dela-eta beldurra daukat erdipurdiko lan batean geldituko ote den.

Lana liburu itxuran aterako da, ezta hala?

Bai. Gutxienez 150 orritako lana egitea eskatzen dute, bertsolari denen zerbait sartuz gero askoz gehio izan daiteke, baina asko luzatzea ere ez dugu nahi.

Nondik nora hasi zara lanean?

Hasieran zegoen materiala aztertzen hasi nintzen. Azpeitian AEK-k, bere garaian, Urola bailaran desagertu baino lehen, eta institutuko ikasleak, Inaxio Tolosa, Iņigo Aranbarri, Xabier Saldias, Pako Aristi, Imanol Urbieta, Agustin Arenas, Antton Elosua, Agustin Madrazo, Pello Larraņaga, Jose Mari Arozena, Maria Jose Bikendi, Jesus Alberdi Egileor, Alberto Pelaez, Trino Azkoitia, Marian Larrea eta Alberto Frantzesenak, Urolaldeko Euskal Eskolak eta Joanes Etxeberriren izenean, Urolaldeko Bertso Zaharrak zintak eta liburua atera zituzten, hoiek dabilzkit eskuartean eta Auspoa saileko liburuak. Material guztia hemen dago, hortik kanpo jaso ez dena galduta dago.

Bertsotan sartuta dagoen jendearekin ere egon naiz, bizi diren bertsolariak ere elkarrizketatu ditut. Bertsolarien elkarteko dokumentazio zentroan ere izan naiz. Gero bildutako material guzti horri forma eman behar zaio. Urte asko daramazkit bertsolaritzaren inguruan, uste dut ezagutzen dudala eta forma ematen joango naizela guztiari.

Lan hau egiteko zailtasunik topatu al duzu?

Bai, material bilketan. Bapateko bertsoak galdu egiten dira iņork jasotzen ez baditu. Orandak berak liburua du eta berak dioen bezala, liburuan jasota daudenak baino hobeak, bota izango zituela, baina galduta izango direla. Daukaguna paperean dagoena da, asko bertso jarriak.

Hemen inguruan uste baino bertsolari gehio dago eta denengana heltzea zaila da.

Urolaldean bertsolaritzak ze pisu du?

Nahiko lotuta dago, euskararen presentzia eta bertsolaritza. Inguru erabat euskalduna da eta bertsolaritza oso zabalduta dago. Dudarik ez, asko egon dela eta dagoela, Basarri eta Uztapide izan dira handienak, baina zerrenda luzea da. Etorkizuna inon baldin badauka bertsolaritzak Urola bailaran da. Horrek ez du esanahi lan bat ez denik egin behar eskolatan-eta.

XX. mendean Urolaldean zein bertsolari daude?

Gerra aurretik Auspoan agertzen diren gehienak azkoitiarrak dira. Gero, gerra ostean, Basarri eta Uztapide, bertsolari asko eta onak daude, Txapel, Zepai, Kortatxo, Loidisa-letxe. Ondoren Oranda, Lazkano, Joxe Lizaso eta hauekin batera Gorrotxategi. Hurrengo belaunaldikoak Lizaso, Euskitze eta Loidisaletxe II.a. Gazteak ere badatoz eta Larraņaga ere hor dago Azkoitian. Baina izan dira bertsolariak, hauek bezainbeste ibili ez direnak ere.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak