Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Urria »  Iritziak »  Agur Takolo

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritziak

Mendizaletasunak zor dizuna eskertuz, agur Takolo

Ander Uranga (Lagun Onak Mendi Bazkunaren izenean)

Abuztuaren 12an Joxe Urbieta Takolo-ren heriotz berriak erabat hunkiturik utzi gintuen bai Azpeitiko herria, baita mendizaletasunarekin loturik aurkitzen garenok ere.

Opor hilabetea izanik, ezustean harrapatu gintuen guztiak, eta herritar askok ez zuten azken agurrik emateko aukerarik ere izan.

Bere ezaguera eta izaera umilagatik oso maitatua genuen Joxe, batez ere pertsonalki ezagutzeko aukera izan genuenok.

Lagun Onak M.B.-ri erabat lotuta zegoen, eta badira, bere etxea zela diotenik ere. Hasieran juntakide bezala eta ondoren era ezberdinetako ekintzetan lagunduz, bere azken egunera arte izan zuen herriko mendizale taldearekiko lotura.

Juntakide zen garaian erosi zuten egun Lagun Onak M.B.k Elizkalean duen lokala. Erosketa hark elkartea asko indartu bazuen ere, zor haiei aurre egiteko gogor lan egin behar izan zuten. Esaterako, bi urtetan zehar arratsaldean lanetik irten ondoren tabernari lanetan ibilia zen, beste juntakideekin batera, elkartea aurrera ateratzeko asmoz.

Inguruko mendiak garbi eta txukun mantentzen ere makina bat lan egin zuen, maite zuen Izarraitz mendikatea inork baino hobe zainduz. Besteak beste, urtero ipintzen zuen Xoxoteko jaiotza eta bertako San Inazio irudiaren zaindari ere bera izan zen, margotuz eta konponduz. Lan hauek inor ere konturatu gabe, isilean egiten zituen Joxek, askotan eskerrik ere jaso gabe.

Joxe Takolo Azpeitiko mendizaletasunaren alor gehienetan, guztietan ez esateagaitik, aintzindari izan genuen, baita belaunaldi berrien maisu ere: esaterako, bera izan zen Izarraitzko harrobian eta Aitzbakarren lehengoz eskalatzen hasi zena, baita Pirinio eta Pikos-etako mendikateetarako bidea ireki ziguna ere, eta, zer esanik ez, goi mailako mendietan barrena ibili zen lehen azpeitiarra.

Mendian hainbat pertsona ezberdinekin ikus genezakeen, ilobekin, gazteekin, helduagoekin, beste herrietakoekin... oso gizon herrikoia baitzen eta lagunartea asko maite zuen.

Eta ez Azpeitian bakarrik, Euskal Herriko mendizaletasunean ere aski ezaguna genuen, batez ere 1980an Martin Zabaletak Everest gailurra egin zueneko espediziokide izan zelako.

Zortzi mila metroko gailurra egindakoen artean agertzen ez bada ere, hainbat espedizioetan erakutsi zuen bere lanerako borondate izugarria eta bihotz zabala. Besteak beste, Annapurna, Yalung Kang, Cho Oyu, Lhotse, Huascaran, Mac Kinley eta munduko beste hainbat menditan.

Ezagutu genuenok ondo dakigun bezala, bizitzeko izugarrizko ilusioa zuen, eta mendi tontor bat egiten zuen bakoitzean lehenengo aldiz igo balu bezala gozatzen zuen.

Datorren urterako ere Gasherbrum II-ra (8.035 metro) espedizioa antolatzen ari zen. Hori baitzen, laneko erretiroa hartzearekin batera, bere ilusioetako bat, zortzi mila metroko gailurren bat zapaltzea.

Esperientzia eta jakinduria handiko gizona genuen Takolo, batzutan lotsati eta isila bazirudien ere, bere jakinduria besteengana zabaltzen jakin duen pertsona, kanpoko mendietara zihoazenei aholkuak emanez, erakutsiz, materialak utziz... Honetaz baliatu izan gara inguruko hainbat lagun, gure mendizaletasuna suspertzerako orduan.

Beste modu batean esanda, egun Azpeitian dugun mendi mugimenduaren errudun nagusiena izan dela esan dezakegu....

Beraz, honelakoa genuen Joxe Takolo, eskuzabala, bihotz handikoa, beti laguntzeko borondatea azaltzen zuena, denon lagun eta haserrea gustoko ez zuena, sekula hutsik egiten ez duen adiskide horietakoa: eredutzat hartzeko moduko gizona. Elurretako gizon ona eta kontrariorik gabeko gizona ere deitua izan da.

Bere izaeraz baliatuz, maila eta adin guztietako jendearengana iritsi zen, guztiak lagun zituela. Honen froga dira, berria jakin ondoren Lagun Onak Elkartera iritsitako beste hainbat elkarteetako doluminak, eta Azpeitiko gazte talde batek Peruko gailurretatik bere oroimenean bidali zuten omenalditxoa:

Gizon ona eta eskuzabala

beste gutxiren antzera.

Zure aholku eta laguntzaz

goaz gu Huascaranera.

Gazteok ere segiko dugu

gailurrez gailur aurrera.

Eskerrik asko Joxe Takolo

mendian ikusiko gera.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak