Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Urria »  Udal Euskaltegiak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Udala : Udal Euskaltegiak matrikulatzeko epea zabalik dauka

Euskara azpeitiar guztien erronka

Udala

Udal Euskaltegiak aurki 2000-2001eko ikasturteari ekingo dio. Azken urteetan Euskaltegiak kalitatearen apustuari heldu dio. Udal Euskaltegiak eskaintza berritu du eta ikastaro berriak antolatu ditu.

Euskaltegiko kanpaina
Euskaltegiko kanpaina.   

Euskarak inguruan dituen hizkuntzekin duen lehia izango da Udal Euskaltegiaren aurtengo matrikulazio kanpainaren mezua: Euskara jokaldirik onena! ˇLa mejor jugada!. Nekane Larrańaga udalaren kultura batzordeburu eta Euskara Patronatuaren lehendakariaren hitzetan «euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldunek eta azpeitiarrek euskararen aldeko apustua egitea behar beharrezkoa da. Eta udal euskaltegiak erronka pertsonal horri aurre egiteko bitarteko guztiak eskaintzen ditu. Bide horretatik egungo azpeitiarren beharretara egokitutako ikastaroak emango ditu udal euskaltegiak 2000-2001 ikasturtean».

Kalitatea

Udal Euskaltegiaren arduradunen hitzetan «azken urteotan Euskaltegiak apustu berria egin du: Kalitatearen apustua. Egun, eta hemendik aurrera zer esanik ez, euskara esparru berrietara zabalduko da. Esate baterako, piskanaka-piskanaka, euskara lan munduan sartzen ari da, eta etorriko da euskara lan munduaz erabat jabetuko den eguna». Pello Elorza Euskaltegiaren zuzendariak esan digunez «hemendik aurrera ez da nahikoa izango euskaraz jakitea, izan ere, lana euskaraz egiteko, hizkuntzaren ezagutza sakonagoa izan behar da, eta hori ez da lortzen EGA tituluarekin bakarrik. Horregatik, Euskaltegiak euskararen kalitatea lantzeko Iturri-Onetik I eta II ikastaroak antolatu ditu».

Eskaintza zabala

Azken urteotan Udal Euskaltegiak zeharo berritu du bere eskaintza: euskalduntzeko, alfabetatzeko eta EGA ikastaro klasikoekin batera enpresetan lana euskaraz egiteko, informatika munduan euskara erabiltzeko eta euskararen kalitatea hobetzeko ikastaro berriak antolatu ditu. Gazteentzat nahiz nagusientzat dituzte ikastaroak: gazteentzat aurten lehen aldiz internet eta posta elektronikoa euskaraz erabiltzeko ikastaroa antolatu dute; haurrak dituzten nagusientzat berriz, ipuin kontaketa ikastaroa ere eskaintzen dute. Ikastaro hau iaz 15 lagunek egin zuten eta oso gustora aritu ziren. Aurten ildo beretik beste ikastaro berri bat antolatu du Euskaltegiak: umeen jolasak eta kantak. Era berean Herri Administrazioko 1.; 2.; 3. eta 4. hizkuntza eskakizunak lortzeko ikastaroak ere emango dituzte. Euskaltegiko zuzendariaren esanetan «euskaltegian daukagun talde didaktikoa osatzen duten irakasleek 10 urtetik gorako eskarmentua daukate euskararen irakaskuntzan. Horrek hain zuzen, babes eta itzal handia ematen dio euskaltegiari eta lantalde horrek egindako lanetik sortu dira azken urteotan abian jarri ditugun ikastaroak».

Egoitza berria

Joan den ikasturtetik Udal Euskaltegiak egoitza berria dauka. Harzubia hiribidean zuena utzi eta Perdillegi kaleko 3.ean kokatu ditu ikasgelak: orain gutxi arte Institutua zenaren egoitzan. Azken urteotan izandako ikasleen hazkundea da etxe aldaketaren arrazoirik nagusiena. Iazko ikasturtean, esaterako, Euskaltegiak 20 ikastalde izan zituen eta 250 ikasleri eman zien zuzeneko zerbitzua. Egoitza berriak orain arteko zerbitzu guztiak toki bakarrean egotea ahalbidetuko du eta, euskaltegiko arduradunen esanetan, neurri handi batean, euskaltegiaren erabiltzaile guztientzat erosotasun eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea ekarriko du.

Matrikula epea zabalik

Udal euskaltegiak irailaren 29ra arte izango du zabalik matrikulatzeko epea. Izen-ematea euskaltegian bertan egin daiteke edo telefono bidez: 943 81 19 47.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak