Saninaziyuek
: Oihan Aizpuru (Buruhandia)
«Umeak gogorrak daude; orain, hartu ere egiten dute»
Erraldoi eta buruhandiekin, erraldoi bezala ateratzen da egun, baina orainartean sorginarekin atera da.
Buruhandietan sorgina, demonioa, Santxo Panza eta On Kixote eta erraldoietan txinoa, emakume beltza, arabea eta emakume rubiyie ateratzen dira. Oihan Aizpuru orain artean Sorginaren buruarekin atera da, eta gaur egun erraldoiekin ateratzen da. Erraldoien artean bada astunagoa denik, eta txandaka pasiatzen dituzte «Astunenak txinoa eta arabea dira; arinena, berriz, rubiyie da. Lehen arropa zaharrekin arinagoak ziren, iaz arropa berriak egin zizkieten, eta gehiago pisatzen dute. Dezente pisatzen dute», dio Oihanek.
Erraldoi eta buruhandiak Saninaziyutako txupinazoaren unean ateratzen dira. Eta ia ordubetean ibiltzen dira, kale bueltan eta jendartean. «Pisua eraman behar da, gero jendeak ere askotan traba egiten du, beroa pasatzen da... aurreko egunean juerga egin bada, ederki antzematen da».
Hasiberriak, buruhandiekin ibiltzen dira, esperientzia hartu bitartean. «Erraldoia eroritzeko arrisku gehiago dago eta ikasi bitartean buruhandiekin ibili ohi gara».
Umeak dira erraldoi eta buruhandien zale amorratuenak. Kale hestuak dira berriz, Elizkalea eta Errebala, buruhandien gustokoenak: «Umeak gogorrak, azkarrak daude; orain, hartu ere egiten dituzte. Batzuk nahiko lotsagabeak dira, egia esan. Eman eta eman, eta hala ere segi».
|