Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 4,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Abuztua »  Oporrak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Oporrak : Azpeitiarrok oporretarako Mediterraneo kosta dugu gustokoen

Ihesaldia eguzki bila

Leire Larrańaga

Penintsulako kosta da azpeitiar gehienek oporretarako aukeratzen duten lekua. Agentziek antolatutako bidaiak dira gehien eskatzen direnak. Gero eta gehiagok hartzen dituzte oporrak banatuta, eta ez jarraian.

Mediterraneoa aukeratzen dute azpeitiarrak
Mediterraneoa aukeratzen dute azpeitiarrak.    (Esteban Aldalur)

Uztaileko azken egunak eta abuztuko lehenak festetan atseden handirik gabe ibili ondoren, estanpidaz aterako gara herritik, desiratutako opor lasaien bila. Herria zaintzen geratzen diren gutxiek western filmeetako paisaiaz gozatuko dute, kaleetan inor gutxi eta behi galduren batek nondik irtengo duen zain. Hala dio Charo Martinezek, Barcelo agentziako langileak: «Azpeitiar asko ateratzen da kanpora abuztuan. Denak festak amaitzeko zain geratzen dira, gero oporretara irteteko».

Eguzki bila hondartzara

Azpeitiko agentziek jakinarazi digutenez, azpeitiar gehienak Mediterraneo aldera joaten dira, eguzki bila. Lurdes Iturriak, Eroski Bidaiak-eko langileak, honokoa esan digu: «Famili giroan eta bikote lasaiak Mediterraneoko kostaldera joaten dira gehien, batez ere Salou, Girona eta Castello aldera. Bestalde, Benidorm betiko destinoa da. Eta irletara ere gero eta jende gehiago joaten da, gehienbat Mallorcara». Gazteak berriz, saninaziyuetako parrandekin nahikoa ez eta Ibiza, Lloret... aldera joaten dira, egunez eguzkitan eta gauez diskoteketan ibiltzera. Eta Port Aventurako benetako estanpida probatuko dutenak ere ez dira gutxi izango. Baina eguzki bila urrunago joaten denik ere bada, Karibe aldera eta Kubara, Dominikar Errepublikara eta halako lekuetara. Paraje haietan lainorik ez nonbait, eta lorentxok gustora azaltzen omen du aurpegia.

Bidai konbinatuak

Hala ere, badira hankaz gora eguzkia hartzen egotearekin nahikoa ez dutenak, eta bidai konbinatuak hautatzen dituztenak. Hau da, egun batzuk bazterrak ikusten eta gainontzekoak deskantsatzen pasatzen dituztenak. Urola Bidaiakeko Sara Arrietarentzat, «bidaia konbinatuetan gehienbat New York eta Dominikar Errepublika aukeratzen dira. Kruzeroak eta Thailandia-eta horrelako herrialde exotikoetako egonaldia eztei-bidaietakoek egiten dituzte».

Beste herrietako paisaiaz gozatu eta kultura ezberdinak ikusi nahi dituztenen artean, bestalde, Tunisia, Egipto, India, Nepal, Italia, Holanda, Grezia, Senegal, Eskandinabia eta Suitza dira ohiko herrialdeak.

Antolatuta edo ez

Oporraldietan bazterrak ikusi eta beste kulturez bustitzea erabakitzen dutenen artean badira hegaldia baino hartzen ez dutenak. Batez ere penintsulaz kanpoko bidaiak aukeratzen dituzten ibiltariak, gainontzekoa bere kontura erabaki eta loturarik gabe bidaiatzea gustoko dutenak dira hauek. Gehienek berriz, ez dute erreparurik kolore deigarriko eguzkitakoa daraman emakume edo gizon lirainaren atzetik kale eta museoetan gora eta behera ibiltzeko, oporraldian.

Aurretik prestatuta

Oporretarako egunak prestatzeak ere bere lana eta buruhausteak ematen ditu. Honela, Maite Lazkanok, Halconeko langileak, adierazi digunez, «asko jada urtarrilean informazio eske hurbiltzen dira». Bestalde, badira internet eta bestelako informazio iturrietara ere jotzen dutenak, zer ikusi edo nora joan erabakitzeko. Esan, bidaia agentziak aste santu ondoren hasten direla erreserbak egiten. Baina azkenengo egunetan ibiltzen denik era bada, Maitek azpimarratu digunez: «Badira bi edo egun bat lehenago etortzen direnak. Iaz bat motxila eta guzti etorri zen agentziara».

Oporrak urtean zehar

Azken urteetako joera oporraldiak zabaltzearena da, gero eta jende gehiagok oporrak uztailean edo irailean hartzen baititu. Eta badira oporrak zatikatuta hartzen dituztenak ere. Ondorioz, oraindik abuztua bada ere jende gehien mugitzen den hilabetea, gero eta gehiago dira beste hilabeteetan ere kanpora joaten direnak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak