Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Abuztua »  ‘Azpeitiko Jaiak’

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Udala : ‘Azpeitiko Jaiak’ liburua

‘Azpeitiko Jaiak’ liburua aurkeztu da

Udala

Azpeitiko Jaiak liburuak Azpeitiko festa nagusien berri ematen du. Lau ataletan banatua dago: Sansebastianak, Ihauteriak, Saninazioak eta Santotomasak. Uztailaren 22an aurkeztu zen udaletxean.

Azpeitiko Jaiak liburuaren azala
Azpeitiko Jaiak liburuaren azala.   

Txakel komunikazio enpresan argitaratu eta egin den liburuaren berezitasun nagusiena, 200 lagun baino gehiagoren —ia guztiak azpeitiarrak— partehartzea da. Bertan, lehen pertsona erabiliz, honokoek idatzi dute: festen antolatzaileek nahiz eragileek, historialariek, eta euren ikuspuntu berezi eta sentimenduak adierazten dituzten herriko kazetari gehienek.

Idazten ez, baina beste askok ere liburuaren erakuntzan parte hartu dute, euren argazkien ekarpenarekin. Izan ere, argazkiek liburuaren zati garrantzitsua osatzen dute. Hiru talde nagusitan sailka daitezke libururako erabili diren argazkiak: historia-argazkiak, testigantza-argazkiak eta irakurlegoarengan eragina bilatzen duten argazkiak. Argazkiekin batera, diseinua ere azpimagarria da, oso landua baitago 500 bat orrialdez osaturiko liburu mardul honetan.

Egungo festen islada

Liburuaren helburua ez da historia liburu bat izatea, gaur egungo festen islada izatea baizik. Hala ere, historiak badu bere lekua liburuan, eta ezinbesteko erreferente bat osatzen du. Atal bakoitzaren hasieran, dagokion festaren historia eta gaur egun arte festa horiek izan duten garapena lantzen da: Azpeitiko bi danborraden historia adierazten da; sokamuturraren azken bost belaunaldien laburpena egiten da; ihauteri eta saninazio jaien garapena ere bai; eta baita Santotomasen laburpen bat ere.

Enpresen dirulaguntza

Ezaugarri hauek betetzen dituen liburu bat aurrera atera ahal izateko, udalaren eta Azpeitiko enpresa gehientsuenen diru laguntzak behar izan dira. Laguntza hauei esker, liburuak bost mila pezetako salneurri berezia izan zuen aurkezpen ofizialean eta Izarraitz Pilotalekuan egin zen herri festan, eta zortzi mila pezetako salneurria izango du kalean.

Herri festa Izarraitzen

Azpeitiko Jaiak liburuaren aurkezpena ospatu asmoz, Azpeitiko Udalak herriko jai nagusiak biltzen zituen ikuskizuna antolatu zuen uztailaren 22an, gaueko 22:30tan , Izarraitz Pilotalekuan antolaturiko herri festan.

Herri festari txupinazoarekin eman zitzaion hasiera, aurrez grabaturiko udaletxeko erlojuaren kanpaikadarekin eta suziriaren eztandarekin, hain zuzen ere. Alkateak eskenatokian bandera igotzen zuen bitartean, bertan jotzen ari ziren dultzainajole eta txistularien doinuak zabaldu ziren pilotalekuan. Erraldoi eta buru handiak ere bertan izan ziren. Horren ondotik, Julian Barrenetxea abesbatzak eta pilotalekuraino gerturatu ziren ikusleek Saninazio martxa abesteari ekin zioten, eta ondoren alkateak desfilea egin zuen gorporazioan. Gorporazioaren erretiratzearekin, Jose Luis Frantzesenaren gidaritzapean herriko bandak Saninaziyoetako zenbait doinu ezagun jo zituen —zezen plazan jotzen den zortziko funebrea, besteak beste—.

Haur eta helduen danborrada

Sansebastianen txandan, haurren nahiz helduen danborradak irudikatu ziren talde ezberdinen ordezkarien eskutik. On Cecilio eta On Baltasar, danborrada Azpeitira ekarri zuten apaizak, bertan izan ziren. Helduen danbor taldeen zuzendari lanetan Manuel Altuna Kanpaxa eta Pedro Illarramendi Marttue, Azpeitiko danborradako beteranoak, aritu ziren. Oduan ere, herriko Bandak jo zituen danborradako doinuak.

Ttuntturroen desfilearen, trikitilarien, bertsolarien eta herri kirolarien zeregina izan zen Santotomasetako giroa Izarraitz Pilotalekuraino helaraztea. Era berean, Kaldereroekin, sokamutilekin, Keuttin azpeitiar ezagunarekin, Itsasi dantza taldeko artzai inudeekin eta txikiteo eleganteko desfilearekin irudikatu ziren ihauteriak.

Banderaren jeitsierarekin, eta denen artean Agur Jaunak abestuz, eman zitzaion bukaera herriko festen inguruko ikuskizunari.

Izarraitz pilotalekuraino inguratu zirenek herriko jaiez ederki gozatzeko aukera izan zuten. Euskal Telebistako kamarak ere bertan izan ziren herri-festa jasotzeko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak