Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Abuztua »  Iritziak »  Bakegintzaz

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritziak

Aitor Azpillaga eta Aitor Karrera (Elkarri-ren Azpeitiko tailerkideak)

 

Herri eta Udalen ekarpena bakearen eraikuntzan izeneko proposamen-txostena Euskal Herriko udalerrietan hedatzen aritu da elkarri iragan udazkenetik. Bertako eduki guztia esaldi bakan batzuetara laburbiltzea nekeza den arren, horratx zenbait zertzelada: «Nazioarteko esperientzien eta hainbat teoriko-adituren arabera, bake-prozesuak nahitaez kupulan abiarazten dira; arrakastatsuak izateko ordea, ezinbestekoa zaie masa kritikoa irabazi eta gizarte-partaidetza lortzea(...) zentzu horretan, udalek, herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak izanik, paper garrantzitsua joka dezakete bizikidetza berreraikitzen eta adiskidetze-kultura sendotzen».

Horrela, bake-prozesua udalerrira ekarri eta udalerria bake-prozesura eramatearen ildotik, hainbat ekimen proposatzen zaizkio udal bakoitzari: alor honetarako udal batzorde bat eratzea, gatazkak eta indarkeriak kaltetutakoekin (biktimekin) edota presoekin, erbesteratuekin nahiz euren senitartekoekin herrian zer-nolako lana burutu ote daitekeen ikertzea, bake-prozesuaz eztabaidatzeko foro iraunkor bat osatzea, urtean behin edota irizten den maiztasunez bake-topaketak edo jardunaldiak eratzea eta abar.

Bada, nazio mailako egitasmo honek Azpeitian ere bere isladatxoa izan zezan gogotik saiatu arren, porrot egin dugu nabarmenki. Izan ere, agindu zitzaigun bezala, zinegotzi-talde bakoitzari hamar minutuko hitzordu eskabidea egin genion arren, EHkoarekin soilik bildu ahal izan ginen. EAren udal ordezkarien ezetza jaso ostean, alderdi honen juntakoekin elkarrizketatzeko modua aurkitu genuen. Bi bilerak positiboki baloratu genituen. Dena den, hausnarketarako denbora behar zutela adierazi ziguten. EAJrekin, tamalez, ez dugu ezer lortu; n. saiakeran, kamikaze gisa arituz, «Ihauteriak ondoren» alderdiaren eta zinegotzien bilera bateratu batean hartuko gintuztela hitzeman zitzaigun, baina… gaur arte. Udal ordezkaritzarik ez izan arren, PPri eta PSE-EEri ere proposamena azaldu ahal izan diegu.

Hilabete-andana luzea iragan delarik, amaitutzat jo dugu ekimena honenbestez. Azkoitian adibidez, alderdi guztiekin egon gara eta egitasmo hau guztia, jada eratua daukaten Giza Eskubideen batzordetik bidera dezaketela adierazi digute. Hemen ez gara gai izan eta tira, kiroltasun osoz onartzen dugu. Ika-mika antzuek ez garamatzate inora.

Dena den, itxurakerietarako ere inor ez gaude eta gure zin-zinezko bi sentipen adierazi nahi genituzke:

  1. Maiz erantzun gisa iradokitzen zaigun udalgintza eta politika-bakegintza erabat bereiztu behar itsu hori perversoa iruditzen zaigu errotik.
  2. Herri honetako giza talde bati samin handia eragin zaigu. Berrogeita hamar herritarren (elkarriko diru-emaile, militante, laguntzaile edota gizarte mugimendu honetako kide izan gabe ere, bake- forum ohian aktiboki partaide izan ziren zenbaitzuren) izenean egindako hitzordutxo baten eskakizunaren aurrean, zortzi hilabetetan uzkur? Ez dugu uste gure herri ordezkariek ministroen agenda dutenik ere. Halaber, alkateari, San Inazioetako egitarauan igortzen digun txartel pertsonalarekin joan beharko gatzaizkio hurrena.

Mespretxu adierazpiderik biribilena, ezbairik gabe, aintzat hartu ere ez egitea izaten da eta —biktimismo merkerik gabe— horixe egin zaigu. Proposamenari gero ezetz erantzungo bazaio ere, gutxienez, aurrena, entzun (!) egiten da eta ez muzin. Horrelakorik merezi izateko, ez gara jabetzen zer arraio egin ote dugun. Areago orain arteko harremanak tatxarik gabekoak izan direnean.

Zuzen ala oker, asmatuz edo ez, baina beren patrikatik dirua jarriz, denbora musu-truk eskainiz, herrigintzan —edozein alorretan— zerbaitetan saiatzen ari den inori ez zaio horrelakorik egiten. Ezta talderik apalenari ere! Inori ez.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak