Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Abuztua »  Gazte gunea

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gazte gunea : Asteburua bertan igaro eta gero, kaleratuak izan ziren

Gazte gunearen okupazioa

Nerea Uranga

Uztailaren 15ean Gaztetxe zaharra okupatu zuten gazteek. Alkatearen aginduz, bi egun beranduago kaleratuak izan ziren. Gazteek mobilizazioe ekin diote.

 
 
 
 

Alokairuaren aukera alde batera utzi eta udalarekin harremanetan hasi zen Azpeitian Gazteok Zer?! taldea. Harremanen ondotik «erantzunik jaso ez» eta hirugarren bide bati ekin zion uztailaren 15ean Azpeitiko Gazte Mugimenduak. Gaztetxe ohia, erdikalekoa, okupatu zuten larunbat arratsaldean. Berrehun bat gaztek hartu zuten parte gaztetxearen okupazioan, taldetan antolatuta. Bertako hormak bota eta barrura sartu ziren. Eneko Ibarguren Gazte Mugimenduko kidearen esanetan, «okupatu baino aste bat lehenago gazte talde bat biltzen hasi eta gazte gunea hartzeko asmoak lantzen hasi ginen. Bezperan 50 bat lagun bildu eta gero, talde desberdinetan lanak banatu genituen: talde teknikoa, materialaz eta lokalaren garbiketaz antolatzen arduratuko zena; eta harremanetarako taldea, komunikabide eta udaleko arduradunekin harremanetan jarri zena».

Arratsaldean, hormak bota eta gero, barrua garbitu eta asanbladan bildu ziren gazteak, aurrera begira zer egin erabaki eta hurrengo egunetan lokalaren birmoldaketari ekin asmoz. Komunikabideetara informazioa bidali eta udaleko arduradunei deitu zieten gaiaz hitz egitekotan. «Udaleko hiru alderdietako ordezkariei deitu genien, eta astelehena arte, elkarrizketan ez hastea erabaki zen», dio Iñaki Azkuek.

Igandean, asanbladan erabaki bezala, lokala atontzen hasi ziren, garbiketarekin jarraitu eta hormak margotuz.

Asteburua eta gero, udaltzaingoaren bitartez, eguerdia baino lehen lokala uzteko agindua jaso zuten. Gazte Mugimendukoen kideen esanetan, «goizean udaltzainak lokala ixteko agindua zegoela esan zigun, lokala eguerdirako ez bazen husten Ertzaintza etorriko zela. Esan eta izan, eguerdian Ertzaintza etorri zen alkatearen ahozko aginduz. Lasai-lasai irten, eta plazan asanblada konbokatu genuen». Astelehen eguerdiartean gazteak udaletxera abiatu ziren lokalaren ixteari buruz alkatearekin hitz egitekotan. Eneko Ibargurenek lokala hustu eta gero udaleko ordezkariekin izandako bilera azaldu digu: «Tentsio unea egon zen, eta eguerdiko ordubietan alkatearekin bilera bat lotu zen. Bilerara gazteen aldetik hiru ordezkari joan ginen. Arratsalderako lokalak ikusteko gelditu ginen, baina alkateak esan zigun ez zuela alokatzekotan zegoen lokalik aurkitu».

Alkatearen erantzuna jaso eta gero gazteak mobilizatzen hasi ziren, gazte lokalaren beharra eskatuz, Iñaki Azkueren esanetan: «Manifestazioak eta udal ordezkarien etxe aurreko konzentrazioak egin ditugu; guri ere deserosoa egin zaigu. Baina, gu hortik bidaltzea eta herrian gazte lokalik ez izatea bakar batzuen erantzukizuna da».

Herriko zenbait sektoreren babesarekin, pasa den uztailaren 22an Gazte Mugimenduak manifestazioa egin zuen gazte lokalaren alde.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak