|
|
|
Politika
: Udalbiltzari egingo zaion eskakizunerako sinadurak biltzen hasi dira
Euskal nortasunaren alde sinadurak biltzen herrian
Idoia Mendizabal
‘Herrian Bai, Euskal Herriari’ ekimena habian jarri da. Bildutako sinadurekin Udalbiltzari nortasun agiri nazionala jaulki dezala eskatuko dio ekimenak. Ekimenaren indar handiena iraila aldera egingo da.
|
|
Plazan sinadurak biltzen.
(Nerea Uranga)
|
|
Bai, Euskal Herriari ekimena, «Euskal Herriko herritarren eskubideen eta eskubide politikoen» herri ekimena, abian jarri da Azpeitian. Orain hamabost egun ekin zioten sinadura bilketari, herriko zenbait tabernetan batik bat, eta azoka egunetan ere mahaia plazan jarrita. «Bai, Euskal Herriari ekimena ezagutzera emateko atera ditugu mahaiak kalera, ez da sinadura bilketa soil bat», adierazi du Iñaki Errazkin ekimeneko kideak. Herriko festak datozela-eta, egun eta une konkretu batzuetan mahaia kalera aterako dute, sinadura bilketarekin jarraituz.
Dei zabala
Ekimenekoek adierazi bezala, «sinadura bilketa lehen faseko lana da; itxura eman dezake udako kanpaina bat dena, baina aurrera begirako ekimena da. Abuztuko oporrak eta gero, herriko jende desberdinarekin harremanetan jarri eta herrira begira dei zabala egiteko asmoa dago», dio Iñakik. Ekimeneko kideek eremu desberdinetan lanean dabilen jendea bildu nahi dute, eremu desberdinetan sinadura bilketa zabalduz eta ekimenari heldu diezaioten, iraila aldera indar-ahalegin bat egin asmoz. Jendeak ekimena askorik ez duela ezagutzen somatzen dela adierazi digu Iñakik.
Nortasun agiria
Ekimenak euskal herritarren herritartasun adierazpenari bidea irekitzea du xede, eta Udalbiltzari euskal nortasun agiri nazionala jaulki dezala eskatzea. «Pixkanaka gure eskubide zibil-politikoak lortu eta gero, herrian bertan gure eskubideak aurrera eramateko sortu da ekimena. Helburua, herrian pixkanaka eskubideok praktikan jartzen joatea da, erakundeak hori onartzera presionatuz. Ekimen honekin, Udalbiltzak euskaldunon errolda bat egitea eta guk ofizialtzat hartuko genukeen nortasun agiri bat onartzea eskatzen da. Azken finean, Udalbiltzak berak euskal nortasun agiriarena bideratzea eskatzen da, nazio mailako erakunde ofizial bakarra bera delako», azaldu digu Errazkinek, abian jarri den ekimenaren helburuaren berri emanez.
|