|
|
|
Iritzia
Kulturaren tentakuluak agerian
Matadero Ekintzak
Konturatu gara, Matadero Ekintzak, bere zehaztasun eskaseko ibilbide mardulean, nolabait kultur-talde gisa ulertua izan dela. Izen honen pean saltzen zaizkigun iņozokeriak salatzen sarritan saiatu garen arren, begira nola UZTARRIAtik ere kultur talde moduan eta herrietako kultur egoerari buruz hitzegitera gogo onez gonbidatu gaituzten. Beraz kultura edo delakoari buruz gogoeta hauek.
Gizarte honek ezertarako balio ez duen etengabeko lana bultzatzeaz gain, denbora librea, jolasa, mentura, bidaia eta abar merkantzia huts bihurtu ditu, beren izaera irauli eta programaturiko aspermen, lan eta hildako denbora bilakatzeko. Bazen lehen, kultura guzi horretatik askatuko gintuen indar bezala ulertu zuenik, egun esan beharra dago bera dela egoera hau mantentzearen erantzule zuzenena, bere egitura, produktu eta ohiturekin guzia irentsi eta berdinduaz.
Hitz batean esateko kultura (in)formazio bilakatu da, politika kulturalaren helburu nagusia, banakako arimak informaturik edukitzea delarik, honek komunitate, begirada, jolas, hizkuntz eta benetako dastaketaren erabateko suntsipena badakar ere. Bere instrumenturik nagusienak (in)komunikazio medioak ditugu.
Azken boladetan, agintariak kulturan sekulako interesa ageri dutela edonor kontura daiteke. Merkantzia kulturala , goxoki erraz bezain efikaza dela konprobatu dute, gazte eta batibat ikasleei zuzenduta, ezer arraroa gerta ez dadin, gizarteak eskaintzen digun paper pasiboan txintxo manten gaitezen. Etorkizuneko fedean bizi direnez gaztetasuna heldutasunerako bide aurreko eskaloi hutsa da beraientzat, ongi zaindu beharreko gauza, gazte fantasietan urrunegi iņor joan ez dadin. Portzentaia, adin-joera eta abarrekoetan lotu nahiko dute arrazoiari (arrazoi bakarrari) jarraituz.
Tartean kontu kulturaletan parte hartzeko aukera txiki bat emango zaigu (edo gazte arazoaren inguruko programetan), dirulaguntzatxoren bat-eta, inoiz ez helduen arazoari edo plan urbanistikoei buruz eztabaidatzeko. Hau da, kultura, denok ados gauden kontsentsu neutral moduko zerbaiten gisa aurkezten zaigu, guztiok bat egiten gaituena eta guztiok bat egiteko, guziok ongi definituta behar. Beraz: bazkide konkretuak (kopurua eta perfila), helburu argiak, eremu zehatza, dena ulertzeko moduan, zuzendari, idazkari eta bozeramailea baditugu hobe, eta idatziriko aurre-programa, gaian profesionalak diren batzuk aztertu dezaten, bere biabilidadea neurtzeko eta herriko Etorkizuneko Errealitatean izango duen lekua baloratzeko.
Sarritan, gogoratu ohi gara ume-mukisuak giņenean herrian zehar genituen leku nahasietaz. Guziak zementoak irentsi ditu iada. Garai berriek ordea, garai kulturalek, dena pentsatuta dute eta orain ludoteka bat egin diete. Hau da herri batentzat aberastasun kulturala, ezta? Noraezean, definitu gabe, besterik gabe hortik dabilena hartu eta ordutegi, helburu zehatz, plan pedagogikoa... hornituaz zerbair kulturalki zoragarri bilakatu. Ez genuke planteamendu hau inolaz beste maila batzuetara zabaltzearen arduradun izan nahi.
Aspaldiko saiakera da kultura ofizial honen kontraposizio gisa funtzionatuko duten leku eta mugimenduen aldeko apustua. Hauek, eskema igualak ez errepikatzen argi ibili beharko, nahiz eta jakin beti jainkoaren erreinuko lur zingiratsuetan mugitzen garen.
Kulturaren tentakuluak agerian jartzen saiatu beharko luketelakoan gaude, Etorkizuna eta Itxaropena gaitzetsiz (hau da, Askatasunera eramango gaituen proiektu bat eratzearena). Subertsioaren alde ludikoa berreskuratu, askatasuna edo delakoa agian ez baita jolas honen efektu bat baino izango (ziur gezurrezko etorkizuna baino hobea dela), ekintza politikoa erabateko paranoia bateratu gisa ulertu gabe, garaietako iņozokeriak bultzatzen duen infantilismoan erori gabe, zuhurtasuna berreskuratzera garamatzan umorearekin, momentuaren pertzepzio instintiboa baloratuz, jendeen arteko hartu eman zabal bat bultzatuz, ez bakoitzaren egietan oinarrituz, baizik konplizeak egiten gaituzten iruzur konpartituetan. Matadero Ekintzak beti saiatuko da erabat ez izaten. OSASUNA
|