Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Uztaila »  Etxebizitzak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hartzubiko etxebizitzak : Etxeetako kalteen ordainik ez dute jaso

Bost urte konpondu ezinik

Uztarria

1995eko uztailak 22-23 bitartean mugitu ziren etxebizitzak. Duela bost urte Hartzubia Hiribideko zenbait etxebizitzetan gertatutako kalteen auziak konpontzeko itxurarik ez du. Jabeek, Marcial Ucin egiten ari zen lanekin lotzen dute auzia.

Hartzubi Hiribideko etxeak
Hartzubi Hiribideko etxeak.   
Marcial Ucin, kea botaz
Marcial Ucin, kea botaz.   

Bost urte pasa ondoren, Hartzubi Hiribideko bizilagunek, konponbidea bilatu nahian, euren auzia kaleratu dute; batik bat, bost urte epaitegietan eta bileretan jardun ondoren, uztaileko bi egunetan euren etxezizitza osoan gertatutako mugimenduak eragindako kalteei irtenbidea bilatu nahiean. Denbora aurrera joan ahala konponbiderik ez zutela ikusten-eta, Hartzubiko bizilagunek otsailaren 24an udaletxera jo zuten idatzi batekin: «Oso molesto gaude, keak, leherketak, jasan behar ditugu egunero, eta nolabaiteko erantzun baten bila joan ginen; orduan, erantzuna emango zigutela agindu ziguten». Ordea, erantzunik jaso ez eta pasa den maiatzaren bukaeran egin zen udalbatzara agertu ziren bizilagunak, ume eta guzi. «70 bat lagun joan ginen. Artean erantzunik jaso gabe geunden, eta plenoan esan genuen horrela jarraituz gero ekintzak egiten hasiko ginela. Ekainak 9 inguruan esan ziguten uztailaren lehenengo astean bileraren bat izango genuela», azaldu du bizilagunen batzordeak.

Etxebizitzak jasandako kalteaz gain, gaur egun jasaten duten zarataz, keaz eta leherketez kexu dira: «Azkenaldian, zarata eta kea jasaten ari gara. Zarata, gauez lehioak itxita, etxe barruan 47 dezibeliokoa da eta irekita 55 dezibeliokoa. Neurketaren agiria eskatua dugu udaletxean».

Uztaileko egun hura

1995ko uztailak 22 eta 23 bitartean gertatu zen etxebizitzen mugimendua. Bertako bizilagunak etxean gertatutako kalteez goizaldera jabetu ziren, eta Ertzaintza eta Udaletxeko arduradunak ere bertaratu ziren. «Hasiera batean Marcial Ucin enpresan zerbait gertatu zela pentsatu genuen; jendea goizean ohartu zen etxea mugituta zegoela. Gero, 17:00ak aldera, Ertzaintza etorri zen eta kalera atera gintuzten. Udaletxeko jendea ere etorri zen, eta alkateak esan zigun bera egiten zela arduradun. Gero, etxeak egin zituen arkitektuak, Jabier Kortak, etxearen egitura aztertu zuen, eta arrisku fisikorik ez zuela esan zigun, eta segurantza bat ematen zuela», azaldu dute etxejabeek. Orduan Udaletxeko udalbatza batean gaia aztertu zela diote etxejabeek. «Gu geu ere azaldu ginen plenora. Obrak egiteko baimenak eman gabe zeuden eta obrak hasita», diote Hartzubiko bizilagunek. Guztira, Hartzubiko Hiribidean 40 etxe, 3 negozio eta 4 lokal gertatu ziren kaltetuak.

Jabeek, etxearen mugimenduaren nondik-norakoa garai hartan Marcial Ucin enpresa egiten ari zen obrekin lotzen dute. «Marcial Ucin obra handi bat egiten ari zen; hamar bat metroko zuloa egin zuten labea egiteko, gero urak hara joateko. Gure etxe atzeko urak ere bertara joan ziren. Zimentuaren azpian lurra dago, bere hezetasunarekin, eta honek hezetasuna galtzen duenean beheran egiten du. Euroestudios-ek egin zuen azterketan ere fenomeno hau baieztatu da. Apategiko iturria bera ere desagertu egin da, agortu egin delako». Euroestudiosen azterketa eta Labeinen azterketa izan dituzte eskuartean Hartzubia Hiribideko etxejabeek.

Gertatutakoa gertatuta gero, ondorengo bilera batean etxejabeak, Marcial Ucin enpresako ordezkariak, alkatea eta Herri Batasunako zinegotzi bat bildu ziren arazoaz hitz egiteko, eta bertan proposamen bat aurrera eramatea erabaki zuten: «Bileran arazoaz hitzegin genuen, eta gremio guztiekin harremana zeukan norbati kalteen balorazioa egiteko eskatzea proposatu zigun alkateak. Denok ados agertu ginen proposamenarekin. Kaltearen balorazioa 54 miloi pezetakoa izan zen», diote bizilagunek.

Epaia aldekoa

Arazoa epaitegietara eraman zuten Hartzubiko etxejabeek, eta aurreneko epaia euren aldekoa izan zen. Halaber, sententzia hau errekurritua izan zenez, bigarren bat ere jaso dute, hau ere aldekoa. Ordea, etxejabeek zalantzak dituzte sententzia nola beteko den aipatzen dutenean. «Kontua zalantzan dago. Epaiak ez digu onartu etxeetan gertatutako galerak edota orain arte gure poltsikotik gastatu ditugun 12 milioiak ordaintzea. Diru hori abokatutan, azterketak egiten, kaltearen balorazioaren aurrekontua egiten eta abarretan gastatu dugu. Epaiak bakarrik kalteak konpontzea jasotzen du», diote batzordekideek.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak