Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Uztaila »  Udala

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Udala : Jabier Beobide (Festa Batzordeko burua)

“Festak denentzat izatea nahi dugu”

Udala

Udaren hasierakin batera, festak izaten dira nonahi, kaleetan, auzoetan eta herrian bertan. Auzoetako festen nahiz Saninazio jaien inguruko gorabeheretaz iharduteko, Jabier Beobide udaleko festa batzorde buruarekin izan gara.

Jabier Beobide
Jabier Beobide .    (Udala)

Urte sasoi hau auzoetako festen garaia da, eta badirudi azkenengo urteetan auzoetako jaiak indarra galtzen ari direla. Zergatik uste duzu hau gertatzen ari dela?

Bai, egia da auzoetako festak indarra galtzen ari direla, eta horregatik udaletik hauek bultzatu nahian gabiltza, harreman zuzena dugu festen antolatzaileekin eta ahal dugun guztia egiten dugu, laguntza ekonomikoak emanez, azpiegitura aldetik ere bai, eskenatokiak eraikiz eta abar. Baina kontua zera da, auzoetan gero eta jende gutxiago bizi dela, gainera beti jende berbera ibiltzen da festak antolatzen eta jakina honek pixka bat erre egiten du. Herriko gazte jendeak ere beste joera batzuk hartu ditu; esaterako, auzoko jaietara hurbiltzen dira herriko tabernak ixten dituztenean. Baina esan jende aldetik gutxitu diren arren, gero eta auzo gehiagok egiten dituztela festak antolatzeko eskaerak, Enparankaleak, Damasonekoak, Matximenta auzoak-eta, baina bertakoentzat dira gehienbat eta azken finean guk ezin ditugu jendearen joerak aldatu.

Saninazioei gagozkiola, zer azpimarratuko zenuke zuk programazioan?

Santiyo Eguna azpimarratuko nuke nik, baserritar egun bezala, Saninazioetako festen barnean dago nahiz eta egunez kanpo izan. Azkenengo urteetan, ekintza batzuk aldatu egin dira, betiere hobetzeko intentzioarekin; adibidez, sagardo lehiaketa lehen azoka plaza barruan egiten zen, orain kanpoan egiten da. Bestelako ekintza batzuk gehitu dira, txekorraren erreketa, Euskadiko Ganadu Txapelketa, gazteen erakusketa-eta. Arratsaldean berriz, desenkajonamentua dago zezenplazan. Azpeitian bakarrik egiten da hori, eta kanpotik ere jende asko etortzen da ganadua ikustera; horrek ere eguna asko janzten du. Egun biribila da beraz, eta bultzatzeko asmoa dugu.

Aldaketarik izango al da aurtengo Saninazioetan?

Urtearen hasieratik baino ez nago nago Festa Batzordearen buru bezala, eta denbora asko ez dut izan, baina aldaketa batzuk egingo dira. Plazan egoten diren barrakak gauza asko egiteko mugatu egiten gaitu leku faltagatik, horregatik barrakak kentzea nahi ditut plazatik. Adibidez iaz, gazteen bazkariak, 800 lagun bildu zituen; honi barrakak eta kioskoa gehitzen badiogu, leku gutxi gelditzen da umeentzat, bestela ere ez dago ekintza asko hauentzat, eta horregatik umeentzat jolas gehiago jarri nahi ditut enparantza nagusian. Lehen ospatzen zen Umeen Eguna ere berreskuratzea nahi nuke, datorren urterako agian. Saninazioak oso festa klasikoak dira, eta ez dago aldaketa handirik egiteko aukerarik, agian ez dira Azpeitiko festa herrikoienak, baina badaude beste festa batzuk horretarako. Gainera, festak antolatzeko deialdia egin zen jendearen partehartzea bultzatzeko, baina ez genuen erantzunik izan. Hori bai: aukera izan zela ezin du inork ukatu.

Zein da festetako egitarauaren helburua oro har?

Azpeitiko udaletxean hiru alderdi daude batzordean eta bakoitzak bere ikuspuntua izango du. Baina nire ustez, festetako egitarauaren helburua festa denentzako izatea da, bai umeentzat, bai gazteentzat eta baita helduentzat ere.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak