|
|
|
Iritzia
: Akuilua
Azpeitia salgai
Fernando Morillo
Balkoi batetik zegoen zintzilikaturik. Ez ginen hasieran konturatu, kartelak ez baitzuen gure arretarik erakarri. Arrunta zirudien
—arrunta bezain sinplea—. Batere xarmarik gabea. Hainbeste kartel dago gainera! Berehala ohartu zen norbait, ordea. Ez. Hura ez zen, inola ere, ohiko iragarki bat. «Ikusten?», oihukatu zuen hura seinalatuz. «Zer ikusi, baina?», erantzun genion, ez baikenuen ezer berezirik antzematen. «Irakurri, irakurri!».
Azpeitia salgai, zioen errotuluak. Besterik ez. Eta jarraian, telefono zenbakia zekarren. Joño, joño, Azpeitia salgai! Txantxetan hartu nahi izan genuen. Azpeitiarrok ere salmentaren barne egongo ote ginen? Izan zitekeen, bagenekien, baten batek kartela moldatzeko orduan egindako hanka sartzea. Hala ere... Barre egin bai, noski. Baina zenbakia hartu genuen badaezpada. Eta egia balitz...?
|