Mendia
: Lagun Onak Mendi Bazkunak festa eta inguruaren apustua egin du
Xoxote Eguna, jaia soilik?
Mikel Urbieta
Xoxoteko egunak Errebaldarren erromerian du muina. Gaztetxoenek urteko eginahalaren saria jasoko dute Xoxoteko egunean. Mendizaleek ingurua zaindu eta zaborra jasotzeko eskatu dute.
|
|
Xoxote Eguneko irudi bat. Jendea aterpe ondoan.
(Anjel Mari Etxeberria)
|
|
Xoxoteko eguna, maiatzeko azken igandeko jaia, aski ezaguna den eguna da mendizaleen artean, eta nola ez herritarrentzat. Egun berezia baita. Gaztetxoentzat, adibidez, finalista eguna da.
Lagun Onak Mendi Bazkuna-ren 50. urteurreneko liburuan, «errebaldarrak pazko bigarrenez egin ohi zuten erromerian du muina Xoxoteko egunak» esaten da Xoxoteko egunaren inguruan, «Errebaleko gazteak oso gogoko zuten Xoxoteko festa eta bezperatik joan ohi ziren biharamunerako festa prestatzeko». Egun Xoxoteko Eguna prestatzen Lagun Onak M.B.koak aritu ohi dira. Maiatzeko azken astean mendi astea antolatu ohi dute, herriko eta kanpoko mendizaleen proiekzioekin, eta asteari bukaera Xoxoteko Egunarekin ematen diote.
Mendizaleen elkarteko batzordearen iritziz, «egun honi eta egun honetako mendi irteerari garrantzia handia eman izan zaio beti elkarte honetan. Hainbat ekintza ere antolatu ohi dira bertan ospatzeko».
Xoxoteko Egunean haur eta gaztetxoek urtean zehar mendizaleen irteeretan parte hartu izanagatik domina jasotzen dute. Horretarako hainbat mendi irteeretan izerdia bota beharra izaten da. «Urtean zehar mendizaleon egutegian hamabi bat irteera izaten dira umeentzat. Guretzat urtea edo kurtsoa Xoxoteko Egunean hasten da, eta ordutik datorren urtea arte antolatuta dauden hamar mendi irteeretan parte hartuz gero, Xoxoteko Egunean domina ematen zaie». Gaztetxo bakoitzari mendizaleek txartela banatzen die, eta irteera bakoitzean txartelari zigilua botatzen die. Zigilua jasotako txartelak Xoxoteko Eguna baino aste bat lehenago Txalintxo mendira egiten den irteeran jasotzen dituzte mendizaleek.
Baina mendi irteeratan haurren eta gaztetxoen partaidetza urriarekin kezkatuta azaldu dira mendizale taldekoak. «Aurten ume eta gaztetxo gutxiago dabiltza umeentzako antolatu ditugun mendi irteeretan. Orain bi, hiru urte askoz ume gehiago etorri ohi zen mendi irteeretara. Saskibaloi, futbol partiduak jarri ohi dituzte igandetan. Herriko taldeen artean koordinazio falta somatzen da».
Xoxoteko Egunean ez da jaia edo festa bakarrik nagusitzen Lagun Onak-eko mendizaleentzat. Izan ere, jende multzo handia biltzen da bertan eta honek eragiten duenak kezkatu egiten ditu mendi elkartekoak. «Bada gero eta kezka handiagoa sortzen duen arazo bat egun honen inguruan: egun honek bertako inguruetan duen eragin kaltegarria. Eguna amaitzean zabor pila handiak gelditzen dira zabalduta Xoxote aldean. Bestalde, gero eta auto eta motor gehiago sartzen da mendiaren barruraino landabidean zehar».
Mendizaleek norberak bere zaborra jaisteko ardura har dezala eskatu dute, ingurua errespetatuz. «Mendi Bazkunak honelako egunak ospatzen jarraitu nahi luke, baina gero eta gutxiago gelditzen diren Izarraitz bezalako inguruak arriskuan jarri gabe», diote Lagun Onak-ekoek.
|