|
|
|
Mendia
: Xoxoteko eguna
Takoloren orain 20 urteko astebete hura
Enekoitz Esnaola
|
|
Joxe Urbieta Takolo.
|
|
|
|
Everesteko 1980. urteko euskal espedizioa; han izan zen Joxe Urbieta Takolo.
|
|
San Inazio estatuarekin zerikusi handia dauka Joxe Urbieta Takolo-k, berak hartu izan baitu noizean behin estatua konpontzeko eta margotzeko erantzukizuna. «1956an inauguratu zuten San Inazioren estatua. Zementozkoa egin zuten, eta iluna geratzen zen. Handik urte batzuetara zuriz pintatu behar zela esaten nuen nik, baina inork kasurik egiten ez zidala ikusi eta inori baimenik eskatu gabe, zuriz pintatu nuen. 1980a zen. Bi urte lehenago ere pintatu nuen, letxararekin, baina zuriz margotutakoan jendeari atentzioa eman zion itxurak, ikaragarri gustatu zitzaiolako. Osaba Montte-ri kendu nion pintura», esan digu Takolok berak.
Akzio handia zen, bai, baina hura ez zen une hartan Takoloren ardura nagusiena, San Inazio lehen aldiz zuriz pintatu eta handik astebetera Everestera abiatu behar zuelako. Espedizio historikoa izan zen hura, euskal mendizale batek —Martin Zabaleta hernaniarrak— aurreneko aldiz egin zuelako munduko mendi handieneko tontorra; hain zuzen, hil honen 14n beteko dira hogei urte.
- urte zituen orduan Takolok. Sei urte lehenago ere Everesteko aurreneko euskal espediziokoen artean zen, baina azkenean ez zen joan, ordezkoen artean zegoelako. «Everestera joan ziren askok baino poz handiagoa nuen, ordea», dio. 1980an bai, orduan joan zen hara, euskal mendizaleen selekzioko partaide gisa. Lorente eta Rosen ziren espedizioko buru, eta bi haiek deitu zioten. Takolok gogoratzen duenez, urte batzuk lehenago hasi zen harako bidea jorratzen. «Afari bat izan zen niretzat benetan erabakigarria. Hau da, 1974-ko Tximist euskal espedizio hura zela eta, bertako kide batzuk Loiolara etorri ziren Cope irratirako hitz egitera. Neuk egun berean ezkontza bat neukan Loiolan, lehengusu batena, eta hala, topo egin nuen Lorente eta hauekin Loiolan. Juan Mari Alkorta neure lagun handiari esan nion denok elkarrekin afalduko genuela Lagun Onak mendizaleetako lokal berrian, neuk gonbidatuta. Onartu egin zuten gonbitea eta han joan ginen afaltzera. Lotsa-lotsa egon nintzen afarian, baina gerora oso erabaki garrantzitsua izan zen, orduan hasi nintzelako amistade pixka bat izaten Lorenterekin eta».
1980ko espedizioan bertan baino okerrago pasatu omen zuen aurkezpenetan-eta, «izaeragatik», baina gerora «ohitu egin behar» izan du Takolok, dozena bat aldiz-edo joan delako Himalaya aldera. Hain justu, Everesteko ibilaldian «dena» eman zuen, «beti bezala», baina arazo fisiko batzuk izan zituen eta gehiago ematea eragotzi zion horrek. Hala ere, lan eskerga egin zuen Takolok orduan.
Hogei urte iragan dira harrezkero, baina oraindik ere mantentzen du harremanik espedizioko beste bederatzi kideekin. «Ez handia, baina bai, tarteka egoten gara. Martin Zabaleta bera EEBBetara joan zen bizitzera 1981ean, baina etortzen da tarteka, eta joan den urtean egon nintzen harekin».
Hogei urte igaro dira bai, eta Takolok 59 urte beteko ditu azaroan. Baina berriro Himalaya aldera joateko prest dago. Hurrengo urtean akaso. San Inazio pintatzerari eta konpontzeari utzi zion arren, besteari ezin dio laga.
|