Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Maiatza »  Iritziak »  Arantzazutik

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia

Arantzazutik Loiolako Enparantzara

Amagoia Iban (Egunkaria-ako kazetaria)

Gaur egun denok ezagutzen dugun Arantzazuko santutegia eraikitzen hasi zen garaian —1950eko irailaren 9an ezarri zuten lehen harria— ni jaio gabe nengoen. Beraz, egitasmoak sortu zuen eztabaidaren oihartzunik ez nuen zuzenean ezagutu. Zuzenean ezagutu nu-ena, gurasoei esker, abangoardiako hainbat artistak egindako lan ederra izan zen. Ez dakit noiz izango zen zehazki, baina bai oso txikia nintzena.

Horrela, zenbaitzuntzat «modernoegia» omen zen eliza hura erabat «normala» bilakatu zen niretzako. Bai behintzat lehendik ezagutzen nuen Loiolako basilika «klasikoa» bezainbeste. Diferenteak ziren biak, bai, baina biak artez jantzitako eliza.

Izaera berritzailea, artista abangoardisten esku lehiaketa publiko bidez utzia, erlijioa garaiko gertaera sozial eta politikoekin lotua azaltzen zuena... ezaugarri susmagarriak zituen, argi da, proiektu hark. Baina lepoa jarriko nuke, eta gehiegizko atrebentzia izango da agian, Arantzazuko proiektua aurrerakoiegia izateagatik arbuiatu zutenek ere gaur egun ezin luketela santutegia beste modu batera irudikatu. Gure aurriritziei buruz zer hausnarturik eman behar liguke horrek.

Gipuzkoako Diputazioak Loiolako basilika atarian jarri berri duen Eduardo Txillidaren eskultura dela-eta dakarkit gogora Arantzazu; eraikuntza miragarri horrek erakutsi baitzidan bere garaian artea, abstraktoa izan ala ez, gure sentsibilitatea laztantzeko bide bat besterik ez dela, eta pertsonak adina mundu ikuskera eta sentsibilitate daudela laztantzeko.

Arantzazukoari esker ikasi dut baita pertsonak eta bizimodua aldatzen doazen heinean artea aldatuz doala ere, eta beste arloetako aldaketak bezain natural hartu behar genituzkeela arte mundukoak.

Loiolan artelan ez figuratibo bat ikusteak ez nauela asaldatzen, alegia, eta berdin dit zein den egilea. Atsegin izango dut ala ez, baina ez nau asaldatzen. Egunero edozein irrati kate jarri eta entzundako abestien artean gustuko ez ditudan batzuk egoteak asaldatzen ez nauen bezala. Inoiz ez dut horregatik zalantzan jartzen entzuten dudana, gustokoa izan ala ez, musika denik.

Behin hori argituta, asaldatzen nauena azalduko dut. Azpeitian azken urte luzeetan eskultura bakar bat ere jartzeko asmorik azaldu ez duten gure herriko agintariak komunikabide guztietan artezale amorratu plantak egiten ikusteak asaldatzen nau, gure agintarien lana ez baita, nik dakidala, argazkietan plantak eginez ateratzea.

Eta artea benetan maite baldin badute, artea benetako normaltasun batean bizi dezagun nahi badute, normaltasun batean ekoiztu eta ezagutarazteko bideak jarri behar lituzkete, artista berriei euren lana herritarrei erakusteko zubiak eskainiz.

Horretan gastatu behar litzateke diru publikoa, herrian artelanak jartzea erabakiko balitz beti ere, ekitaldi handi-mandi eta hitzaldi hutsalak alde batera utzita: lehiaketa publiko bitartez aukeratzen eta saritzen denok ikusi beharreko artelanak, ezagun zein ezezagun, gazte zein zahar, abangoardiako zein klasiko izan lehiara aurkeztutako artistak. Guztiok baitugu laztantzeko eta laztanduak izateko eskubidea, baita gustu diferenteak edukita ere. Guztion gustua baita aldamenekoarena bezain sanoa eta ederra, baita artean ere. Eta hori ikasteko inongo santutegira joan beharrik ez dago.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak