|
|
|
Iritzia
: Azketako ura
15, 15, 15
Jabier Altuna
Orain dela urte batzuk, Azkoitiko alkateak «hiru, hiru, hiru» esanez hasiera eman zien Andramaxei. Normala iruditzen zait lagun artean adarra jotzea, baina alkateak udaletxetik festei hasiera era horretan ematea ez da oso elegantea.
Baina beste pike hau guztiz ezberdina da. Izenburu honekin Realak eta Bilbok (barkatu, Athleticek) jokatu berri duten derbia aprobetxatu nahi dut eta gogorarazi 15 jarraian direla galdu ez ditugun partiduak. Urte osoan izugarri sufritu dut Realaren egoerarekin; ordea, joan nintzen derbira.
Neure burua nahiko ekilibratutzat daukat, baina partidu ondoren neure buruari galdetu nion normala al den partidu batengatik horrela jartzea. Galdu ezkero, neure burua engainatzeko arrazoi mordoa pentsatua nuen. Etiopiako egoera, euskal politikaren folloia, inflazioa dela-eta interesak altxatzen ari zaizkigula, jokalariek milioiak irabazten dituztela... Anoeta kanpoan zain, mutil txiki atzeratu bat pasa zen Bilboko, barkatu, Athleticeko kamiseta, txapel izugarria, bandera... «Realak galtzen badu, mutiko hori izugarri poztuko duk», pentsatu nuen. Baina badakizue irabazi genuela. «Atzeeeetik!» eta antzeko garrasiak botata (hau idaztean zoritxarrez aurretik doazela onartu behar), ume txikiak bezala saltoka, garraxika... Ni bezala guztiak.
Normala al da futbol partidu ziztrin batengatik milaka pertsona horrela jartzea? Erromatarrek esaten omen zuten herria pozik izateko ogia eta zirkoa ematea nahikoa zela. Itxuraz oraindik berdin jarraitzen dugu. Batzutan izugarria iruditzen zait; beste batzutan, denok behar dugula eskaperen bat uste dut. Batik bat, 3-1 irabazi ondoren Bilbori, barkatu, Athletici.
|