|
|
|
Zeruaren koloreaz
Iñaki Segurola (Egunkaria-n, 2000ko apirilaren 20an)
(...) Horretarako aitzakia eman didala J.L. Zabalaren zutabeak, non esaten baita: «Egunero zeru urdinik desiratzen ez dutenetarik zen Botikas». Beharbada oso ongi emango du esaldi horrek literatura egiten eta irakurtzen dutenen bistan, ez dakit, baina dakidana da nire lagun txit maite eta txit ernegagarri Botikasek egunero (sic) desiratzen zuen zeru urdin garbi hura bezain gezur garbia dela. Eta hemen inporta duena ez da pertsona jakin baten gustua, baizik-eta zeru zabalaren kolorea: hots, gure moduko txepelek bezala, zenbaitek ez diola beldurrik zeru urdin zeru-kolorekoari, eta ezta haren azpian nola deritzan ez dakigun hura kendu zigun bizia madarikatzeari ere.
Senide maiteok: pasioa eta ezbeharren estatistika santuak ospatzen dira aste honetan, aditzera eman nahi dizut J.J.J.I. Botikas zena, apirilaren 14an hilik geratu zen neurrigabeko gizona, nik deklaratzen dudala eta izendatzen zeru garbi baten azpian benetan bizitzeko edo benetan hiltzeko potrorik ez dugun txepel guztion zaindari.
|