Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Maiatza »  Gazte gunea

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gazteak : Azpeitian Gazteok Zer?!-ek proposamena egin dio udalari

Gune baten beharrean

Nerea Uranga

Herriko egoerak bultzatuta gazte lokalen gabezia aztertzen hasi zen AGZ. Udalean Gazte Batzordea izatea garrantzizkoa dela dio AGZ. Udalak proposamena aztertuko du.

Azpeitian Gazteok Zer?! taldearen aldarrikapena gazte gunearen inguruan
Azpeitian Gazteok Zer?! taldearen aldarrikapena gazte gunearen inguruan.   

Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak gazte gunearen proposamena bideratu du udalera Gazteria Batzordetik. Aurreko ikasturtean hasi ziren AGZ?! taldekoak lokalen inguruko kezka buruan eta lanean, ordea lokalen gaia landu izatera herriko egoerak berak bultzatu zituen. «Taldeetan-eta gazte dezente mugitzen dela ohartu ginen, eta lokalen kontuari heltzea talde desberdinen artean erabaki genuen, sindikatu, alderdi politiko, taldeak eta abar. Atxikimenduak bildu genituen, gazteok kudeatutako gune baten alde», diote gazteek.

Bigarren aldi batean, hau da, aurtengo kurtsoan AGZ?! taldeko azpi-taldea lokalen inguruan hasi zen lanean, eta jende baten inplikazioa lortu izan du. Ondoren udalarekin harremanak bideratzen hasi ziren. Gazteen esanetan, udalarekin harremanak izatea egun arte «oso zaila izan da», eta azken legealdian Gazteria Batzordea sortu izana oso garrantzitsutzat jo dute. «Iaz ere saiatu ginen udalarekin harremanetan jartzen, baina oso zaila zen bilera bat lortzea. Gainera, gure gaia ez genekien udalean nora zuzendu. Guretzat Gazteria Batzordea sortzea funtsezkoa izan da. Jada gazteriko batzordeburua den Larraitzekin harremanetan gaude. Berak asmo ona azaldu du, baina azaldu zigun proposamena zehaztuta emateko. Egin dugu proposamena eta eman diogu».

Gazte gunearen proposamena AGZ?! taldeak udalera bideratu badu ere, ez da gazte talde bakarra izan proposamena osatu duena. «Proposamena batzar ireki batetik pasatu da. Eta batzarretik ateratako proposamena eraman dugu udalera. Uste dugu lokalaren eskakizuna ez dela AGZ eta herriko beste gazte taldeek egiten duten eskakizun soil bat. Herriko gazteok aspaldi somatu izan dugu arlo honetan Azpeitiak duen hutsunea eta aldarrikatu ere sarritan aldarrikatu izan dugu».

Eztabaidetatik ateratakoa

Gazte gunearen proposamena udalera bideratu izana, iaz gazteentzako gune fisiko baten beharraren inguruan sortutako eztabaidetan erabakitako hiru bideen artean bigarrena da. AGZ?! esanetan, batzarretan ildoak erbakitzerakoan hiru bide zehaztu ziren. Lehena alokatutako lokalarena zen, bigarrena udalarekin harremanetan jarri eta gazte-gunearen proposamena aurkeztea, eta hirugarren bidea okupazioa litzateke. «Lokal bat edo beste alokatzeko saiakera serio bat egin da, baina ez da posible izan lokalik alokatzea, eta alde batera utzi da aukera hori. Lokala alokatuz, lokal bat eramateko gai garela azaldu nahi genuen, ekitaldi eta ekintza desberdinak antolatzeko ere gai bagarela». Orain udalean proposamena aurkeztuz bigarren bideari ekin diote. «Udalaren aukera bertan behera gelditzen bada, beste bide bati ekin beharko genioke, eta hirugarren bidea gelditzen da zintzilik».

Udala eta Gazte Txokoa

Udaleko Gaztedia Batzorde buru Larraitz Olaizolarekin ere e hitz egin du Uztarriak; gazte txokoaren egitasmoari buruz hain justu. «Gazte Txokoaren proiektua egina dago. Izarraitz frontoiaren azpiko lokaletan izango da, eta txoko hau 13 eta 17 urte bitarteko gazteentzako izango da». Gazte Txokoaren funtzionamenduari dagokionez, ludotekaren antzekoa izango dela adierazi du Larraitz Olaizolak, hezitzaileekin eta abar. Baina ordutegian desberdinduko da, «ordutegia ludotekaren aldean luzatu egingo delako». Gazte Txokoaren egitasmoa lehenbailehen jarri nahi dute martxan udaletik. «Adin honetakoen aldetik era honetako txoko baten eskaria handia da. Nik gaur egun adin horretan ikusten dut gabezia handiena dagoena».

AGZek Gazte Txokoaren inguruan ere badu bere iritzia, «Gure taldean hamasei urteko zenbait gazte ere biltzen da eta uste dugu adin horretan autoantolatzeko gai direla gazteak».

Gazte Gunearen proposamena udaleko gaztedia alorreko buruak eskuartean du. «Gazteekin bilerak egiten ari gara eta jaso berri dut euren gazte gunearen proposamena. Orain udalak aztertuko du eta ikusi egin beharko da bi aldeak zertarako prest gauden», dio Larraitz Olaizolak. Halaber, gai horren inguruan ere beharrak somatzen dituela dio eta «bideak irekita daude».

Gazte gunearen proposamenak atal hauek ditu: sarrera, historia apur bat, zer behar dugu?, Gazte gunearen beharra, izaera, antolaketa eta jaso dituzten herriko talde eta pertsonen atxikimenduak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak