Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 28,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Maiatza »  EH

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Udala: aurrekontuak : EAJk eta EAk erabilitako prozeduraren aurka azaldu da

EHk gogor kritikatu ditu

Uztarria

EHk udal aurrekontuak egiteko prozedura eta edukiak kritikatu ditu. EHren proposamenak kontuan ez izana salatu dute. Talde eta gizarte eragileen laguntza eskertu dute, halaber, EHko zinegotziek.

EHren zinegotziak prentsaurrekoan
EHren zinegotziak prentsaurrekoan.   

Euskal Herritarrok elkargoak, martxoaren amaieran EAJ eta EA alderdien onespenarekin onartu ziren 2000-ko udal aurrekontuak kritikatu zituen. Udal aurrekontuak egiterakoan izan den prozedura kritikatu zuen EHk, baita edukiak ere: «Hauek ez dira EHren gustuko aurrekontuak. Prozeduran akats larriak daude, ez dugu gure proposamenak aurrekontuetan sartzeko aukerarik izan, eta eztabaidak presa handiz egindakoak izan dira, oso azalekoak», esan zuten Azpeitiko EHko ordezkariek.

Salatu zutenez, EHk aurrekontuen gainean egindako proposamen batzuk atzera bota zituzten EAJk eta EAk, «nahiz eta proposamen batzuk onartzeko edota aurrera eramateko borondatea agertu duten». Gainera, 2000ko aurrekontuetarako EHk proposamen asko egin zituela gaineratu zuten, «eta horietako zenbait atzera bota dizkigute; baina beste gure ideia asko —hitzez bada ere— aurtengo urtean lantzeko borondatea eta interesa erakutsi dute EAJk eta EAk».

EHk uste du hainbat kontu ongi zehaztu gabe gelditu direla udal aurrekontu egitasmoan: «Horretarako baitira aurrekontuak, urtean zehar izango diren diru sarrerak eta gastuak aurreikusteko, eta diru mugimendu horiek guztiak ahalik eta garbien azaltzeko».

Udal aurrekontuak onartzeko egindako udalbatzan EHko taldeak ezetza eman zion proposatutako egitasmoari: «Zergatik ezetz? Aurrekontu horiek gabezia eta akats asko dituztelako», EHk azaldu zuenez. Akatsak eta gabeziak banan-banan aipatu zituzten, Barne Batzordea, Hirigintza, Kultura, Gizartekintza, Euskara, Gaztedia eta Kirola batzordeak aztertuz.

2000ko udal aurrekontuen balorazioaren amaieran, Euskal Herritarrok-ek aurrekontu egitasmoak prestatzen lagundu dioten herriko talde eta gizarte eragileak «eskertu» zituen: «Egin duguna ez da inondik ere alferrikako lana izan; bide horretatik, hemendik aurrera ere izango dugu herritarren eta taldeen laguntza eta kritikaren beharra», azaldu zuen EHk.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak