Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Maiatza »  EA

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Udala: aurrekontuak : Inbertsioak egiteko garaia iritsi dela dio alderdi horrek

EA baikor da aurrera begira

Uztarria

EA baikor agertu da onartu berri diren udal aurrekontuekin. Inbertsioak egiteko ordua dela uste du EAk. Aipamen berezia egin zien sustapen publikoko etxebizitzei eta herrialde pobreei emango zaien diruari.

EAko lau zinegotziak aurrekontuen balorazioa egiten
EAko lau zinegotziak aurrekontuen balorazioa egiten.   

Eusko Alkartasunak ere 2000. urteko aurrekontuen balorazioa eman du. EAJ eta EAren artean onartu aurrekontuen aurrean, baikor agertu ziren zinegotziak. Nekane Larrañaga Kultura Batzordeko buruaren esanetan, «aldi oparotsu hau aprobetxatu egin behar da inbertsioak egiteko, ondorengo epealdietarako azpiegitura sendoez osatua gelditu dadin herria».

Aipamen berezia izan zuten sustapen publikoko etxebizitzen proiektuak eta udalak zuzenean jasotzen dituen sarreren % 0,7 herrialde pobreei bidaltzeko proiektuak.

Kulturan, aurreko legealdian baino hogei milioi pezeta gehiago izango dituztela azpimarratu zuen Larrañagak. Kultur azpiegituretan Basazabal, San Agustin eta zine areto berriaren proiektuak aipatu zituen; herriko komunikabidetan, Uztarria herri aldizkariari eta Kaito Telebistari luzatuko zaien diru laguntza; eta Antzerki Topaketen proiektua sendotzeko eta euskaren alde lan egiteko Euskara Patronatoak duen aurrekontua ere nabarmendu zituen. Bestelako ekintzen antolaketa ere aurreikusten da, Larrañagaren esanetan: «Euskal kultur taldeekin elkarlana bultzatu behar dugu, urtean zehar ekintzak antolatzeko. Guk babesa emango diegu haien ekimenei».

Legealdi honetan sortu den Ingurugiroaren sailean, Aitor Aranguren, Ingurugiro Batzorde buruak esan zuen proiektu berri ugari egiteko daudela, horien artean EHUko Ekologia Sailak bere gain hartu duen ingurugiro diagnostikoa, Urola ibaia berreskuratzeko plana, Izarraitz gune natural bihurtzeko proiektua...

EAk EH alderditik etorri zitzaizkien kritikei erantzuna eman zien. Alde batetik «prozedura garbia» erabili zutela berretsi du EAk. Bestetik «aurrekontuak egiteko ardura batzordeburuena izanda ere, oposizioko alderdiak proposamenak egiteko aukera» badutela gogorarazi zioten EHri.

EAko zinegotzien iritziz, «EHren proposamen asko zeharo ideologizatuak zeuden, gu herriko interesei begira ahal den irekitasun gehienarekin gabiltzan bitartean».

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak