Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Maiatza »  Basilika

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Loiolako Basilika

Basilika bi urtez itxita

Nerea Uranga

Basilika barruko kupula eta lur-zorua eraberrituko dituzte. Aurre-egitasmoa prestatzen urtebetean jardun dute.

 

Loiolako basilika bi urtez itxita izango da —2001ean eta 2002an—, basilika barrenean egingo dituzten berrizatze lanak medio. Berriztatze lanak datorren azaroan hasteko asmotan da Gipuzkoako Foru Aldundia.

Basilika barruan egingo diren berriztatze lan pisukoena kupulan bertan egingo da, Foru Aldun-diko Jabego historiko-artistiko, artxibo eta museo ondareen zerbitzuko buru Gabriela Vives-ek esan digunez, «basilika barreneko kupula konpondu eta berriztatuko da, bertako pitzadurak konponduz eta garai batean izan zen bezalatsu uzten saiatuko gara».

Pasa den hamarkadan, Loiolako basilikaren jabea den Foru Aldundiak, basilikaren kanpoaldeko kareharrizko kupula konpondu zuen, eta oraingoan kupula behar bezala konponduta eta berriztuta uzteko asmotan ekingo die lanei. Lan hauen inguruan jesuitekin hitz egiteko parada izan dugu eta Inazio Zabala basilikako lanen aurre-egitasmoan lanean jardun zuenak, lanen inguruko azalpenak ematean zera adierazi du: «Kanpoaldea jada konpondua dago, eta laster batean barruko kupula berriztatuko da. Kupula guztiz esferikoa egin zen bere garaian, honek ahuldu egiten du kupula bera eta gainean duen linterna oso astuna da gainera. Pitzadurak egin ziren kupulan eta zatiak erortzen hasi ziren bertatik. Kupula margotua dago eta margoak berezko kolorea galdu egin dute. Argi elektrikorik ez zenean kandelaz argiztatzen zen basilika eta hauen keak margoak ilundu ditu».

Kupulaz gain, basilika barreneko lur-zorua ere berriztu egingo da. esanetan, «Foru Aldundiak garrantzizkoa ikusi du basilika barruko lur-zorua berriztatzea eta berezko duen distira ematea. Basilikak jaso dituen bisitari multzo handiarekin distira galdua baitu eta berez lur-zoru zoragarria da»,

Basilika barruan egingo den hirugarren berreskurapena girolarena da. Basilika barrenean bueltan duen korridorea berreskuratu nahi da. «Elizen artean bakarrenetakoa da girola duena; hau da, basilikaren inguruan halako eraztun bat du eta hau berreskuratu nahi da», adierazi digu Inazio Zabala jesuitak.

Urtebete aztertzen

Basilikako kupula eta lur-zoruko lanen aurre-egitasmoa egiten urtebetean aritu da horretarako sortutako batzorde bat. Bertan Foru Aldundiko arkitektuak, injineruak, Euskara eta Kultura Saileko kideak, eta jesuiten ordezkari bezala aipatu Inazio Zabala aritu dira.

Komisio honen zeregina Foru Aldundiko arduradunen esanetan, «gure zeregina beharrezkoak ziren azterketak egitea izan da, gero aurre-egitasmoa egin ahal izateko. Foru Aldundiko arkitektura zerbitzua izan da aurre-egitasmoa egin duena».

Ondoren, Loiolako basilikako arduradun den Kultura eta Euskara departamentuak onartu zuen aurkeztutako aurre-egitasmoa.

.165 milioi pezeta

Basilikako lanen aurre-egitasmoa martxoan bukatu zuen Foru Aldundiak. Egun, egitasmoa konkurtso publikoan da. Lanak hasteko epe bezala datorren azaroa jarri da, eta basilika bi urtez itxita egongo dela aurreikusten da, 2001 eta 2002 urtean. Aurre-egitasmoan lanak hamabost hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da, baina Zabala jesuitaren ustez, «honelako lanek luze jotzen dute eta askotan ematen diren epeak luzatu egiten dira eta aurrekontuak igo». Lanak egiteko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak 165 milio pezetako aurrekontua onartu du.

Zabalak kupula berriztatzea beharrezkoa deritzo: «Loiolako basilika oso eraikuntza garrantzitsua da, Euskal Herriko garrantzitsuenetakoa».

Gabriela Vives, Gipuzkoako Foru Aldundiko kidearen esanetan, «kanpotik kupula konponduta dagoela, une aproposa deritzogu barrenetik konpontzea».

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak