Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 16,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Apirila »  Mallas Ucin

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Mallas Ucin : Kostata, baina azkenean lortu zuten akordioa Mallas Ucinen

25 egun sare-mailarik gabe

Iban Arregi

«Soldata duin baten alde», 25 egun egin berri dituzte greban Mallas Ucinen. Azkenean iritsi ziren akordiora. Langileak, gustora; nagusiek ez diote erantzun uztarriaren galderei.

Lasaoko Mallas Ucin enpresa
Lasaoko Mallas Ucin enpresa.    (Egunkaria)
Langileak, herrian, 25 egunetan egindako manifestazio batean
Langileak, herrian, 25 egunetan egindako manifestazio batean.    (Egunkaria)

Otsailaren 28an hasi eta martxoaren 23an bukatu; guztira 25 egun egin zituzten greban Lasaoko Mallas Ucin enpresako langileek. Goizean goiz jaiki eta enpresara bisitara, batzarrak egin, eguneroko protesta ekintzak, Marcial Ucin aurreko kontzentrazioak, manifestazioak, kotxe karabanak, zuzendaritzarekin bilerak... Egun neketsuak izan direla aitortu digute langileek, «tentsio handiko egunak», baina merezi izan duela: «Azkenean lortu dugu bilatzen genuena, eta balorazio positiboa egiteko moduan gara». Ińigo Arregi mintzo zaigu horrela, Mallas Ucineko langileen batzordeko kidea. Ondoan ditu Ibon Arregi eta Gurru, hauek ere batzordeko kideak, eta Xabier Agirretxe, Azpeitiko ELAko arduraduna ere bai —Uztarria enpresako zuzendaritzarekin ere jarri zen harremanetan, baina gure galderei ez zieten erantzun—.

Grebara sartu zirenean enpresako zuzendaritzaren eta langileen jarrerak desberdinak ziren oso. Langileek 30.000 pezetako igoera lineala eskatzen zuten, eta zuzendaritzak %1eko igoera eskaintzen (5.000 pezeta inguru). Ordea, 25 egun eta gero akordioa lortu zuten: besteak beste, hileko 30.000 pezeta inguruko soldata igoera.

Herrian ez zen aspaldian halako greba gogorrik egin. Mallas Ucineko langileek diotenez, «oraindik ere greba tresna baliagarria dela erakutsi dugu».Baina eurek oinarri sendoa zutela diote, «eskatzen genuena ez zen kapritxo bat, are gutxiago enpresa hain ondo doala kontuan hartzen badugu».

Grebaren hasierako egunetan Mallas Ucineko zuzendaritzak «oso gogor» jokatu zuela dio Xabier Agirretxek: «Hasiera batean ez zuen gaia hartu eskatzen zuen seriotasunarekin, ez baita normala grebako lehenengo bi asteetan bilera bat bera ez egitea». Ińaki Odriozolak ere —hau ere Mallas Ucineko langilea eta LABeko kidea— Agirretxeren bidetik jardun du: «Oso-oso gogor jokatu zuten hasierako egunetan, baina jarrera aldatu beharra zeukaten».

Enpresak hainbat «azpijoko eta trikimailu» erabili zituela diote langileek, «betiere greba puskatu nahian». Ordea, Ibon Arregik dio greba hori puskatzea ez zela batere erraza: «Langileak gogotsu geunden hasiera-hasieratik, eta helburuak oso garbi genituen; geure arteko giroa oso ona izan da, eta egoera horretan oso zaila zen greba haustea».

«Hainbeste egun behar al ziren auzia konpontzeko?»

«Zergatik pasatu zuen enpresak hainbeste egun auzia konpondu gabe? Zuzendaritzako norbaitek hanka-sartze ederra egin zuen, hasieratik hitz egin beharrean bukaera arte ezer egin ez dutelako, beraien kalterako», dio Gurruk, harritu aurpegiarekin.

Hamabost egunean bi parteen arteko bilerarik ez zen egin, eta hurrengo egunetan zuzendaritzak «eskaintza lotsagarriak» egin zituela esaten dute Mallas Ucineko langileek. Azken egunetan, ordea, enpresak jarrera goitik behera aldatu zuela uste dute.

Berriro lanean dira Mallas Ucinen, «orain soldata duinagoarekin». Gustora daude, egindakoak merezi izan duelako uste osoarekin. Eta egoera berean berriro berdin jokatuko omen lukete, «inongo zalantzarik gabe».

Marcial Ucinen beste bat?

Marcial Ucin bertan ere badute nahikoa lan azken albisteen arabera. Hitzarmen kolektiboa sinatzeko ez dira ados jartzen, eta langileek ostegun honetan, hilak 6, greba egingo dute. 300 langileetatik 36 bakarrik daude grebaren kontra. Ados jarri ezean, hilaren 20tik aurrera mugagabeko grebari ekingo diotela esan dute. Besteak beste, %8ko soldata igoera eskatzen du langileen batzordeak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak