Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 8,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Apirila »  Iritziak »  Prentsa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia

Euskarazko prentsari buruz

Patxi Azpillaga (EHUko irakaslea)

Euskarazko prentsak funtzio garrantzitzua betetzen du hizkuntz komunitatean. Euskal Herri mailako hedapena eta lotura mantentzen duen elementu apurretako bat da. Bestetik, euskaraz bizitzea posible egiten duen ezinbesteko elementua da». Hala zioen duela lau bat urte Jon Sarasuak Euskalkom jardunaldietarako prestatu zuen txostenean; eta hala onartu zen jardunaldi haietako ondorioetan.

Egun, esanahi guztia mantentzen du baieztapen hark. Irrati eta telebistetan egindako bidea gutxietsi gabe, euskarazko prentsa izan baita, dudarik gabe, azken urteotan euskararen gorpuzte, modernizatze eta eguneroko beharretara moldatzeari mesederik handiena egin dion medioa. Baita Internetek eta teknologia berriek euskarari dakarzkion erronken kontzizentzia hartu eta horiei aurre egiteko oinarriak jartzen hasteko orduan ere.

Eta hala eta guztiz ere, laguntza eta babes publiko txikiena jaso duen komunikazio arloa izan da urteetan. Egun, gauzek hobera egin badute ere, oraindik arazo larriak bizi ditu euskarazko prentsak bere azpiegitura indartu eta gizarte presentzia hazteko. «Hazi nahi, hazi behar eta hazi ezin. Irits litekeenera iritsi ezina da egoeraren laburpena», jarraitzen zuen Sarasuak aipatu lanean. Eta ordutik hona hazi, hazi egin bada ere, hazkunde horren oinarriak ahulak dira oraindik.

Gaur nazio mailako euskarazko egunkari bat, informazio orokorreko bi astekari (Iparraldean eta Nafarroan zabaltzen al du El Correo taldeak Zabalik bere astekaria?) eta publiko eta behar mota desberdinei zuzendutako gai eta maiztasun zenbaiteko aldizkari gutxi batzuk ditugu eskura (haurrentzakoak, dibulgaziokoak, akademiko-pentsamenduzkoak,...). Egunkaria-k 13.000 ale saltzen ditu egunero eta 30.000 irakurle inguru ditu; besteak kopuru horietatik oso behera daude.

Horien ondoan, Asier Arangurenek duela urte batzuk bildutako datuen arabera, 46 euskarazko aldizkari lokal inguru daude (Uztarriarekin 47 izango lirateke), honela banatzen direnak: 28 Gipuzkoan, 11 Bizkaian, 6 Nafarroan eta 2 Araban. Guztira 122.000 ale bota eta 427.000 irakurle izango lituzkete; alegia, hiru euskaldunetik bik euskal aldizkari lokalen bat irakurriko luke.

Ikus daitekeenez, aldea ikaragarria da. Prentsa lokala izugarrizko tresna eraginkorra izan da euskaldungoa idatzitako euskarara erakartzeko, euskaraz irakurtzeko ohitura minimo batzuk sortzen laguntzeko. Are gehiago: euskarak bere egin du, telebistan ez bezala, berta-bertako, eremu lokaleko informazioaren mundua, aurrea hartuz, modu nabarmenean gainera, gaztelerari. Eta ez edozein modutan, gainera, baizik eta, gehienetan, Uztarria-ren kasuan bezala, prentsa eta komunikazio eredu aurreratu, ausart, bizi eta modernoarekin. Baina eremu lokal horretatik haratago amildegia dago.

Irakurleak behar ditu euskarazko prentsak, baina ez ditu horiek eremu lokaletik kanpo aurkitzen. Bai Euskarari-ko Prentsa Idatziaren gaineko txostenean gazteak aldagai garrantzitsutzat jotzen dira kopuruei bultzada bat emateko, eurak baitira prestakuntza handiena dutenak euskaraz irakurtzeko. Baina onartzen da ere bai publiko mota horren irakurtzeko joera eskasa dela, baita horiengan eragiteko zailtasuna ere.

Azkenean iritsiko da, bai, euskal prentsa izan daitekeena izatera. Baina luze joango da hori, eta bien bitartean produktuak egokitzen, hobetzen eta dibertsifikatzen jarraitu behar da, jai dugu bestela. Horretarako, argi da, derrigorrezkoa da baliabide gehiago inbertitzea, eta horiek, une honetan, publizitatearen merkatua eta beste motako sarrera komertzialen lantzea ahaztu gabe, ogasun publikoan daude: udaletan, foru aldundietan, Eusko Jaurlaritzan.

«Gu, 100.000 pezeta kobratzen duen gizarajo-banda bat gara», zioen duela urte batzuk Luis Fernandezek prentsako euskal kazetarien egoera deskribatzeko, eta Euskaldunon Egunkariak Eusko Jaurlaritza-rekin sinatutako akordioak egoera hobera egiten lagunduko bazuen ere, asko eta asko ez dira, oraindik, kopuru horretatik oso urrun ibiliko. Zer esanik ez prentsa lokalean. Ordea, aurrera egingo bada, hemen ere lantaldeek profesionalak behar dute izan. «Onenak bertan egoteko, lan-kondizio duinak eskaini behar dira», zioen Asier Arangurenek bere tesian. «En-presa egitura landu behar da lehiakortasunean aritzeko. Borondatezko lanak ezinbesteko lagungarri behar du, baina ez proiektuen bizkarrezurra». Astindu ba poltsikoa, euskarak merezi du-eta euskarazko prentsa (eta azpeitiarrok ere bai).

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak