Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Apirila »  Iritziak »  Baloreak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia : Amuko zubitik

Balore kontuak

Joxe Luix Aizpuru

Estatu Batuetako sistema ekonomikoan omen dago etorkizuna; hori omen da jarraitu beharreko eredua. Langabezia tasa oso txikia dute: flexibilitate laboralari, kaleratze libreari eta lan prekarietateari esker. Gure arazo laboralak konpontzeko ere hori omen da biderik egokiena, esaten zaigu behin eta berriro.

Langabeziarik gabeko gizartea nahi badugu Estatu Batuetako ereduari jarraitu behar omen zaio: hazten jarraitu, lokomotorari ikatza botatzen jarraitu, bestela ez omen dago ongizate gizarterik. Ez naiz inor liberalismo ekonomikoari alternatibak ipintzeko. Ez dut nire burua ikusten langabeziaren arazoari irtenbideak ematen. Baina lan finkorik ezak, kontratu laburrek, aldian aldiko lanek, soldata mixerableek zer pentsatua ematen didate.

Azpeitiko langabezia tasa Gipuzkoako txikienaren pare omen dago. Zoriontzekoa. Baina, zer baldintzetan egiten da lan?

Gazteek, batez ere, ez dute segurtasunik lanean. Gaur hemen eta bihar han. Kontratu finkoekin, ekonomiaren hazkundeari trabak baino ez omen zaizkio ipintzen. Eta hori omen da azkena... Baldintza horietan ezin da etorkizunik landu; ez dago konfiantzarik enpresarioarengan; norberaren lan ahalmena auzitan jartzen da; inseguritatea eta erru sentsazioa nagusitzen da; enpresaren parte sentitzea deusezten da; ez dago fideltasunik lanean; lehiakortasuna nagusitzen da; eta abar.

Gurasoek, irakasleek eta hezitzaileek elkartasunaren baloreak behin eta berriz azpimarratu dizkiguten arren, ez dute balio mundu laboralean. Beste balore batzuk behar omen dira bizitzan zerbait izateko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak