Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Apirila »  Iritziak »  Ilusioak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia : Azketako ura

Ilusioak eta oroitzapenak

Xabier Alday

Ume garaiko gure jolasak ez zituzten kafetegiek gordetzen, plazako arkupeek akaso, gainontzeko jolaslekuak gu baino helduagoek hartuta zituztenean; edo, ostikorik emateko ezer ez eskuartean, gaztexeagoak noiz iritsiko zain zeudenean.

Irudimenaz Tarzanen filmeetatik ateratako oihan zeharka ezina bihurtzen genuen Betharramitak baino lehenago zegoen etxe zaharraren hondakinetatik sasiz inguratuta igarotzen zen zidor estua. Aurrerago, dentista zaharraren etxea zegoen, eta ilundu ondoren jolasean leher eginda etxeratzerakoan barruko gaisoen intziriak entzutean, gure irismenetik kanpo zeuden leihoetara igotzeko irrikia gailentzen zitzaigun eta sekulakoak botatzen genituen, ezagutu ez arren, dentista zaharraren kontura: alikateekin ateratzen zituela haginok, lizundutako anestesia zerabilela... Noski, guk ez genien beldurrik dentistei. Utikan!

Baina inoiz lagunen batek isekaka erasotzen zigunean, zidorrera iritsi aurretik serio asko beldurtzeko kontuak aipatzen hasten ginen ahalik eta ahots misteriotsuenarekin, indar hutsez mendean hartu aurretik. Umeak krudelak bezain xaloak dira umeentzako.

Oroitzapen lainotsuak dira, egun ez dago orduko zidor zaharraren, edonora korrika bizian joan beharreko grinaren —umetzaroaren— aztarrenik. Lehengoak botata eraikin hotzagoak altxatu dituzte. Norentzako? Ezin diot gai honi buruz Kale Gorrian-ekoek kaleratutakoari adostasuna besterik gaineratu.

Ahaztu aurretik! Lehengo Harzubiko bidegurutze madarikatuaren ordez errotonda berria ari dira egiten, auto-eskoletako ikasleen lasaitasunerako.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak