Elkarrizketa
: Segabathor (musika taldea)
“Oraingoz, ahalik eta kontzertu gehien ematea dugu helburu”
Aitor Bengoetxea
Euren adrenalina askatzeko Zubizahar-eko lokaletan entsaiatzen du Segabathor taldea osatzen duen boskote honek. Nahiz eta ez daramaten denbora askorik taldearen izenpean, jadanik badute plazaratua maketa bat eta sari bat ere irabazi dute. Haiekin egon gara entsegu-lokalean elkarrizketa dela eta.
Nola osatu zenuten taldea?
Hasiera batetan Joseba (kitarra) eta Oxkar (kitarra) aritzen ziren Hotzikara izeneko taldean.Orain abeslaria den Pello animatu zen ondoren eta Nartxabal (bateria) iragarki baten bitartez fitxatu genuen. Azkenik Haritz (baxua) sartu zen taldea osatzeko.
Eta taldearen izena aldatzea erabaki zenuten.
Bai. Izen berri baten bila aritu ginen; azkenik Segabathor izenarekin geratu ginen, segabathor hitz jokoaz.
Zeintzuk dira musika egitean zuengan eragin zuzena duten taldeak?
Taldekide bakoitzak bere gustoko talde asko ditu, baina atzerritarren artean talde heavy alemaniarrak dira gehienbat gure eragin zuzenenak. Euskal taldeen artean, berriz, talde pila bat: Su ta gar, E.H Sukarra eta Urtz, beste askoren artean.
Duela denbora gutxi sari bat ere eskuratu duzue gainera.
Bai, horrela da. Gazte Leiho izeneko maketa lehiaketara aurkeztu ginen eta hirugarren saria eman ziguten.
Espero al zenuten halakorik?
Egia esan ez. Gure nahia hamar lehenen artean sartzea zen, baina ez genuen hirugarren saririk espero.
Eta zer suposatu du honek zuentzat?
Batik bat guretzat bultzada morala izan da. Aurrera jarraitzeko gogoari eusten baitzaio lanak fruitua eta errekonozimendu bat dakerrenean. Gainera, taldea gehiago ezagutaraztera emateko ere balio izan du.
Zer nolako egoera ikusten duzue Azpeitian musika taldeen inguruan?
Badago jende ona hemen inguruan, nahiz eta sekulako maila ez egon. Gainera, estilo desberdin asko jorratzen dituzten taldeak ditugu. Rock, reagee, musika elektronikoa, hori da aberasgarriena.
Zer moduzko esperientzia izan duzue maketa grabatzean?
Esperientzia ona izan da, nahikoa ongi moldatu baikara. Gainera, asko lagundu digun jendea izan dugu aldamenean eta gustora gu gaude emaitzarekin.
Zer aurki dezake entzuleak lan honetan?
Hori entzulearen arabera ere badago. Pertsona batentzat gogorra izan daiteke eta beste batentzat, aldiz, biguna, berak gogoko duenaren arabera. Baina orokorrean nahiko lan melodikoa dela uste dugu.
Zer esaten duzue abestien letretan?
Ba, egia esan, denetik. Letra guztiek ez dute ildo bera jarraitzen eta bakoitzak gai desberdina du.
Zer asmo dituzue epe motzerako?
Oraingoz, ahalik eta kontzertu gehien ematea da gure nahia, esperientzia hartzen joateko.
Eta gerora begira?
Edozein talderena bezala, diska bat grabatzea litzateke nahia gerora begira. Bina musikaren mundu hau ez da batere erraza eta lan asko egiteaz gain, zorte pixka bat ere behar da gaur egun merkatua nola dagoen ikusirik.
|