Kirola
: Izarraitz frontoia
Juan Pedro Azkarate, frontoiko kantxero azkeneko 28 urtean
Juan Pedro Azkarate da Izarraitz frontoiko arduraduna; hain zuzen, 1972tik dauka kargu hori donostiar honek. Eta halabeharrez etorri behar izan zuen, erretiroa hartu behar izan zuen-eta erremontista gisa. «1969an desgaste bat izan nuen aldakatan. Oraindik ere akordatzen naiz nola joan nintzen Etxabarren medikuarengana eta nola esan zidan, nire zoritxarrerako, ezin nuela erremontean jokatzen segitu. Egin nituen ahaleginak jokatzen segitzeko, eta Bartzelonaraino joan ere bai sendatzera, baina injekzio bidez zerbait egin zidaten arren, erremontea utzi behar izan nuen. Eta orduan sortu zitzaidan hona kantxaren arduradun bezala etortzeko aukera. Jose Mari Salsamendik, orduko Galarretako arduradunak bidali ninduen hona», dio Juanpek, nostalgia puntu batez.
Lesio hura izan aurretik, puntako erremontista izan zen. 1956an egin zuen debuta, Madrilen. «Aste batzuk lehenago eraman gintuzten hara, Recoletos frontoira, entrenamenduak-eta egitera, nola erantzuten genuen jakiteko. Elurra ari zuen latz Madrilera iritsi ginenean».
.19 urte zituen debuta egin zuenean, eta 32rekin utzi zion jokatzeari. 35rekin etorri zen Azpeitira, orain dela 28 urte. Eta ez zaio damutu. «Ni donostiarra naiz, eta hara joaten naiz asteburuero, baina han bezain ongi nago hemen. Oso jende ona da hemengoa».
Eta Izarraitzeko kantxero gisa egin zituen bere lehendanbiziko urteetan gozatu egin zuen, «egundoko jaialdiak antolatzen zirelako eta egundoko jende pila etortzen zelako partiduak ikustera. Afizio handia zegoen orduan. Hemen jokatuta daude Atano III.a, Gallastegi, Onaindia... Herramintako puntako partiduak ere jokatzen ziren».
Eta diru asko jokatzen omen zen. «Chicago ematen zuen honek. Lan asko zegoen garai hartan, eta jendeak jokatu!... Galarretatik etortzen ziren artekari batzuek esaten zuten hemengo bi gautan igoal Galarretako lau arratsaldetan baino diru gehiago biltzen zutela». 1970eko hamarkadaren hasieran astean bi egunetan jokatzen ziren partiduak —ostegunetan eta asteburuan—, «eta Tximela puntistak jokatzen zuenean emakume asko etortzen zen».
.1980ko hamarkadaren hasieran hasi zen jaisten mugimendu hura, «langabeziagatik». Eta hamarkada hartan frontoiko protagonista zein kirol izango eta saskibaloia. «Orduan ere ongi pasatu nuen Iraurgikoekin. Ez ditut ahaztuko Arregi Txapao, Xubi, Oyono...».
Pilotak behera egin arren, Juanpek hor segitu du, etorri zenean bezala, tartean behin partiduak zeudenean guztia pronto edukitzen —garai berri hau hasi aurretik 1992an jokatu ei zen azken partidu ofiziala—, eta, bestela, mutil gazteei erremontean erakusten ikastaro bidez. «Guztira 20-25 bat jokalari atera dira hemendik profesionaletara. Orain baditut hamar bat gazte eta nik uste pare batek irtengo dutela». Besteak beste, Ilunpe esku pilotakoak ere aritzen dira astean zehar Izarraitzen. Eta Juanpe oso kontent, Izarraitzen bizia dagoelako.
Hurrengo urteko ekainean jubilatuko da, eta Donostiara joango da bizitzera. Baina ez omen da inoiz ahaztuko Azpeitiaz.
|