|
|
|
Kirola: Izarraitz frontoia
: Pilotako puntako hainbat partidu antolatuko da Izarraitz frontoian
Zirkuituan sartzeko berritua
Enekoitz Esnaola
Azken urteetan puntako pilotak herrian indar handirik izan ez badu ere, udalak herria zirkuituan sartu nahi du. Izarraitz frontoi berrituaz baliatuko da horretarako. Saninazioetatik hona antolatu dira partidu handi batzuk, eta beste batzuk iragarriak daude.
Azpeitia pilotaren zirkuituan sartzea, horixe da udalaren helburua. Eta dagoeneko martxan hasia du proiektua, Izarraitz frontoiaz baliatuta.
Lehendabizi, Zubeldia sendiari pilotalekua erostea erabakia zuen udalak. Eta ondoren, frontoia bera berritzeari ekin zion, zaharkitua baitzegoen gaur egun han partiduak antolatzeko. Iazko Saninazioetan ireki zen frontoia, punta-puntako eskuzko partiduarekin, eta harrezkero bai eskuzko bai erremonteko jokalari handiak izan dira bertan; esate baterako, Ruben Beloki, Mikel Unanue, Jokin Errasti eta Mikel Goni pilotariak, Koteto Ezkurra, Txetxu Iriarte eta Matxin erremontistak... «Azpeitia pilota munduko zirkuituan sartu nahi dugu, eta horretarako ahalegin handia egingo du udalak. Jadanik egin du, frontoia erosten eta berritzen, eta hemendik aurrera ere egingo du. Hala ere, betikoa: ahal dela ez da dirua galtzen irten behar. Orain arte oso ondo atera dira jaialdiak, puntako partiduetara erruz etorri baita jendea», dio Alejo Uranga kirol zinegotziak (EAJ).
Antolatu diren jaialdiengatik eta aurrera begira dagoen asmoagatik, enpresen jarreran aldaketa bat egon dela dio Urangak. «Lehen gu ibiltzen ginen enpresen atzetik, partiduren bat antolatu nahi genuela esanez. Orain, ordea, eta batik bat azkeneko jaialdien ondorioz eta frontoia berritu delako ere bai, enpresak beraiek ari zaizkigu deitzen, partiduak antolatu nahian. Hor ikusten da haiek ere nahi dutela sartu Azpeitia beren zirkuituan».
Propio frontoia ikustera ere etorri omen dira. «Orain dela hilabete Katxin Uriarte zesta punta jokalari ohi handia etorri zen hau ikustera. Eusko Basque enpresan dago orain Katxin, pala eta zesta ibiltzen dituen enpresa da hura, eta asko gustatu zitzaion frontoia nola dagoen».
Aurten jadanik izan dira puntako jaialdi batzuk Izarraitzen (Sansebastianetan eta Ihauterietan), eta urte honetarako badaude beste batzuk iragarriak. Uranga kirol zinegotziak urtearen hasieran Aspe eta Asegarce enpresekin bilera bat egin zuen, «eta, horren ondorioz, jadanik ziurta daiteke Saninazio bezperan enpresa bateko pilotari onenekin jaialdi bat izango dela eta Saninazio egunean beste enpresarekin». Eta Saninazio bigarrengoz ere izango da jaialdirik: erremontekoa, hain zuzen. «Galarretan antolatzen dira erremonteko jaialdi gehien, eta haiekin ere jarri gara harremanetan eta esku zabalik hartu gaituzte». Urtea amaitzeko, Santo Tomasetan eskuzko jaialdia izango da, Aspeko pilotari onenekin.
Gazteak ere helburu
Baina Urangak dioenez, urtean zehar bestelako jaialdirik ere izango da. «Batetik helburu hori dugu, puntako pilotariak-eta ekartzeko helburua. Baina ez gara horretara mugatuko. Gazteen txapelketak ere jarriko ditugu, haiek ezagutarazteko: eskuzkoak, erremontekoak... Haien aldeko lana ere egin behar da». Hala, maiatzean gazte erremontisten txapelketa bat antolatuko dute, eta han izango dira herriko eta inguruko jokalari batzuk: Bereziartua, Badiola, Etxeberria... Maiatzeko lau asteburutan jokatuko da, larunbatetan.
Horren ildotik, gazteen partiduak telebistaz emateko aukera aztertuko dute. «Besagain enpresak Bizkaia aldean badu halako akordio bat hango herri-telebistekin, eta gazteen partiduak grabatu eta gero, partidu haiek telebista propioa duten herrietan ikusten dira. Azpeitian ere bada herri-telebista (Kaito), eta litekeena denez udalak Kaitorekin hitzarmen bat sinatzea, hemen antolatzen diren partiduak Bizkaian botatzea aztertuko dugu. Hartara, horko zirkuituan ere sartuko ginateke».
Eskurako, horma faltsua
Frontoia berrituta dago, baina bukatzeke. «Oraindik hemen egin daitezke gauzak. Eta haietako bat da eskuzko partiduetarako moztea, handiegia geratzen baita, eta pilotan errebotera bidaltze horrek badu halako zera bat. Horma faltsu bat jar daiteke».
Orain urtebete frontoia Errendimendu Altuko Zentru gisa erabiliko dela ere komentatu zen, baina Urangak dio oraingoz ez dagoela ezer. «Baina azpialdean terreno asko dago eta egin daiteke zerbait inoiz».
|