Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Martxoa »  Martxoaren 8a

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gizartea : Emakumeen Nazioarteko Eguna egingo da martxoaren 8an

Berdintasunaren alde

Iban Arregi

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da hilaren 8an. Oraindik borrokarako arrazoi ugari dagoela dio Azpeitiko Emakume Taldeak. Herriko egoera ezagutzeko inkesta bat banatuko dute Azpeitian.

Hilaren 8an da Emakumeen Nazioarteko Eguna
Hilaren 8an da Emakumeen Nazioarteko Eguna.    (Egunkaria)

Urtero moduan, emakumeen berdintasunaren aldeko eguna ospatuko da hilaren 8an. Aurtengoan Gure eskubideen defentsan, emakumok edonon lemapean egingo dira egun horren inguruko ekitaldiak, baita Azpeitian ere. Hain zuzen, Azpeitiko Emakume Taldeko kideekin hitz egin dugu egun horren inguruan, eta oraindik martxoak 8rako arrazoirik badagoela diote: «Emakumeok lan handia egiten dugu Euskal Herriko gizartearen parte garen aldetik, baina oraindik emakume eta gizonezkoak ez dira eskubide berdinen jabe».

Gainera, gizartean aurkitzen dituzten «oztopo eta eragozpenak» eremu desberdinetan aurkitzen dituztela gaineratu dute, eta, horregatik, emakumeen eskubideen defentsa eremu horiek denetara zabaldu asmo dute. Alabaina, garrantzia berezia eman diote «emakumeak lan munduan pairatzen duen diskriminazioari, langabeziaren protagonista direlako. Epe motzeko kontratuak, kontratu gabeko lanak edo orduzkako jardueretan aritu beharra dugu, eta sektore konkretuetan lan egitera behartuta gaude». Horri guztiari gehitu behar zaio, Emakume Taldearen iritziz, etxeko lanen pisua emakumeen bizkar dagoela.

Inkesta Azpeitian

Baina batik bat Azpeitiko emakumeen egoera ezagutu nahi dutela azpimarratu dute: «Gure helburua Azpeitiko emakumeen egoera zehatza ezagutzea da, eta horretarako inkesta bat prestatu dugu». Derrigorrezkoa iruditzen zaie herriko emakumeen egoeraren diagnosi bat egitea, «itxita dauden ateak ireki eta emakumea berdintasunaren bidean lekua irabazten joan dadin». Emakume taldeak inkestak itzultzeko honoko helbidea jarri du guztion eskura: Izarraizpeko Sorginak, 251 posta-kutxa, 20.730 Azpeitia.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak