Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Martxoa »  Iritziak »  Uztarria

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritziak

Uztarria Kultur Koordinadorak bi urte

Uztarria Kultur Koordinadora

Oraintxe dela bi urte sortu zen, Azpeitian, Uztarria Kultur Koordinadora. Herriko hainbat kultur taldek eta kulturarekin zerikusia duten herritarrek eratu zuten, aurreko hilabeteetan eztabaida eta gogoeta sakonak egin ostean. Eta Uztarria ez zen nolanahi sortu, gune jakin eta funtsezko batzuetan konponbideak emateko edo aurkitzeko baizik. Hiru gai finkatu ziren ardatz gisa: Euskara, informazioa-komunikazioa, eta kultur lokalak. Izan ere, haiek ziren —eta dira—, talde guztien arazo edo gabezia amankomunak. Ez zen, beraz, hutsetik abiatu Uztarria Kultur Koordinadora. Bi urte pasatu dira, eta bistan da aurrerapausoak eman direla alor haietan.

Euskara Patronatua

Euskararen alorrean, orain bi urte Azpeitian ez zegoen euskara teknikaririk, ezta udalean Euskara Batzorderik edo herrian Euskara Patronaturik ere. 1995ean Euskal Herrian Euskaraz-ek eskatu zituen, arrazoi ugari emanez, teknikaria eta batzordea, baina udalak ez zuen eskaera hura aintza hartu orduan. Ondoren Uztarriak eskatu zuen gauza bera. Izan ere, Azpeitian ez ginen —eta ez gara oraindik— euskaraz bizi: kalean afitxa ugari dugun gazteleraz, herriko talde batzuen jarduera ez da oso-osorik euskaraz ematen, udaletxean ere ez... Azpeitiak, berez, oso-oso baldintza onak ditu herri euskalduna izateko eta era guztietako euskaltzaletasun politika bat egiteko. Azken batean, alor horretan Euskal Herrian eredugarria izateko aukerak ditu Azpeitiak, eta horretarako oso lanabes garrantzitsuak dira euskara teknikaria eta Euskara Batzordea edo Patronatua. Baina udalak urteetan ez du hori kontuan hartu. Orain bai, oraintxe dela urtebetetik dugulako herrian teknikaria eta Euskara Patronatua. Hala ere, udaletik eta patronatutik kanpo dauden euskaltzaleek ez dute dena eginda balego bezala geratu behar; norberak bere alorrean lana egin behar du. Era berean, komenigarria da Euskara Patronatuak herriko taldeekin elkarlana izatea, guztion artean lor dezagun Azpeitian herritarrei oso-osorik euskaraz bizitzeko aukera ematea. Azken batean, herri eredugarria bihurtu behar dugu Azpeitia euskara alorrean.

Herri aldizkaria

Uztarria Kultur Koordinadora sortu zenean, Uztarriaren ustez Azpeitian ez zegoen herri aldizkaririk, Azpeitian Zer? udal aldizkaritzat jotzen baitzuen. Eta, aurreneko urtean, hilero, Uztarria Kultur Agenda argitaratu ondotik, herri aldizkari zabal baten aldeko proiektua lantzen hasi zen Uztarria Kultur Koordinadora. Hemen da emaitza: oso filosofia zabaleko aldizkaria, hilabetekaria, oro har 32-36 orrialdeetakoa, barrua bi koloretara, kanpoa lau koloretara, oso-osorik euskaraz, irakurterraza, herritarra, herrikoa... He-rriak oso harrera ona egin dio, eta jadanik mila harpidedun edo bazkide inguru lortu ditu Uztarria herri aldizkariak. Gainera, espero dugu laster hitzarmen garrantzitsu bat sinatzea udalarekin. Horretaz gain, kultur koordinadorak etorkizun hurbilean beste pauso batzuk emango ditu seguruenez: aldizkaria hamabostekari bihurtu, Kaito Telebis-tarekin kolaboratzen hastea aztertu... Betiere helburu batekin: ahalik eta informazio gehien zabaldu, eta ahalik eta zabalen.

Kultur Etxearen bila

Lokalen alorra ere jorratu du Uztarriak azkeneko bi urteotan. Hala, orain dela urtebete Basazabal Jauregian Kultur Etxea irekitzeko proposamena egin zion udalari txosten mardul eta landu baten bidez, eta udalak Basazabalen obratan segitzeko konpromisoa hartu zuen, baita haren erabilerari buruz hitz egiten hasteko ere. Oraindik, ordea, ez dugu ezer. Beste kultur azpiegiturei baliorik kentzeke (San Agustin, Liburutegia...) Azpeitiak behar du Kultur Etxea —beharrezkoa dela dio Diputazioko lan batek, eta Gipuzkoan Azpeitia bezalako herri guztiek dute—. Izan ere, kultur ekintzen, kultur taldeen eta azpeitiarren erreferentzia nagusia bihurtuko litzateke Kultur Etxea, eta oso garrantzitsua da hori. Gazte Gunea ere behar du Azpeitiak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak