Iritziak
: Amuko zubitik
Bakarrik bizitzea edo sentitzea
Alaitz Olaizola
Bakarrik jaio eta bakarrik hiltzen garela, jaio eta gutxira antzemateko gai bagara. Hala ere, bien bitartean, zubia bakardadean igarotzeko ez gaude prestatuak eta han hemenka konpainia bila ematen dugu bizitza osoa.
Ahalegin horretan, autonomia eta independentzia saltzen ditugu eta berreskuratu nahi ditugula jabetzen garenean, garestiegi ateratzen zaigu, aurrekontuak gaizki eginiko negozio ilunetan sartzen denaren moduan.
«Bakarrik bizitzea, triste bizitzea» ala, bakarrik sentitzea, triste bizitzea? Duda gabe, atsotitza eguneratzeko beharrean gaude.
Egunero zaharren egoitzaren paretik igarotzean, begiradak ihes egiten dit eta leiho erraldoien barrena sartu, nire zoritxarrerako gehienetan. Jendez inguratuak baina seguru bakarrik sentitzen diren aiton-amonen tristezia senti dezaket, eta atsotitza datorkit burura. Jarraian, ezkondua eta nekatua bizi den emakumearen bakardadea datorkit gogora, espetxeetan pilatuak —beraz, bakarrik ez— dauden euskal presoen bakardadeaz oroitzen naiz...
Ez dela berdina bizitzea edo sentitzea, sentitzea edo bizitzea alegia.
Bakarrik ez bizitzeak, bakarrik sentitzeari konponbidea emanen balio, erraza izango litzateke, baina zoritxarrez ez da hala, eta honetan formula matematiko magikorik aplika ezin daitekeenez, bakoitzak bere bidea bilatu behar! Bakarka egin beharreko bidea seguruenik ere; bakarrik ez sentitzeko bakarka egin beharreko bidea.
Hala ere, bizitzako une zehatzen batean bakarrik sentitu ez denik ez dut ezagutu. Itxaropentsu aurrera egiteko moduan gaude.
|