Mahaingurua:Espainiako hauteskundeak
Ezohiko hauteskundeak
Iban Arregi
Hilaren 12an dira Espainiako hauteskundeak, eta, bategatik edo besteagatik, hauteskunde garrantzitsuak dira: EHk abstentzioaren alde egin du, EAJk eta EAk parte hartuko dute, PP Espainiako Gobernutik ken dezakete PSOEk eta IUk...
|
|
(Koldo Eizmendi)
|
|
Mahaiaren inguruan bildu ditu Uztarriak Manuel Odria (EAJ), Miren Odriozola (EH), Inaxita Bereziartua (EA) eta Manoli Uranga (PSE-EE), eta giro lasaian aritu dira Espainiako hauteskundeez mintzatzen (Fernando Buesaren kontrako atentatua baino egun bat lehenago egin genuen mahaingurua).
EHren abstentziorako deiak badu eraginik Espainiako hauteskundeen kanpainan. Zergatik hartu du erabaki hori EHk?
Miren Odriozola (EH).– Ikusita azkenengo urte eta erdian Euskal Herrian arlo askotan ematen ari diren pausoak, esaterako nazio eraikuntzan (Euskal Herri osoko instituzio bat sortuz eta abar), eta ikusita Euskal Herriko gehiengo politiko-sindikalak marko politiko berri baten aldeko apustua egin duela, guri iruditzen zaigu momentu honetan Espainiako hauteskundeetara joatea lan honetan guztian interferentzia bat dela. Gainera, ezker abertzalea bi ardatzen inguruan ari da lanean: nazio eraikuntzan batetik, eta Frantzia eta Espainiako estatuekiko loturak hausten bestetik.
Inaxita Bereziartua (EA) .– Guri, egia esan, EHren erabakia hanka-sartzea dela iruditzen zaigu, nahiz eta erabakiak hartzeko norberak duen askatasun osoa. Eta beste gauza batzuen artean, iruditzen zaigu momentu hau ez dela egokia horretarako; Euskal Herri mailan lan amankomuna egiten ari gara alderdi abertzaleok nazio eraikuntzan, eta orain elkarlan horretatik alde egitea, eta beti bezala bide berezi bat markatu nahi izatea besteak kontuan hartu gabe, ez zaigu egokia iruditzen. Guk beti diogu bazter guzti-guztietan parte hartu behar dela, Europan bezala Espainian ere bai, eta guk geureari eusten diogu oraingoan ere. Oraindik bestelakorik egiteko arrazoirik ez dagoela uste dugu guk.
Manoli Uranga (PSE-EE).– EHk eskubide osoa du nahi duena egiteko, eta horrela erabaki badu niri berdin dit. Baina niretzako aukera oportunista izan da EHk hartutakoa. Hogei urtetan parte hartu duzue Espainiako hauteskundeetan, eta orain parte ez hartzea... Hori oportunismo hutsa da.
Manuel Odria (EAJ-PNV).– Gu ere aurreko bien iritzi beretsukoak gara. Gure ustez Espainiako instituzioetan parte hartu behar dugu, gogoz kontra bada ere. Han lortzen dira hainbat eta hainbat kontu. Esaterako, Europatik datozen laguntza guztiak handik bideratzen dituzte.
Odriozola (EH).– Guk Espainiako hauteskundeetan parte hartu izan dugu momentuko egoeraren analisiaren arabera; beraz, oportunista ez da izan. Duela urte eta erditik hona gauza asko aldatu dira hemen. Eta alderdi abertzaleek ez lukete joan behar, hara joanda PSOE eta batez ere PPren jarrera legitimatzen dugulako. Eta PPk argi utzi du hemengo arazo hau konpontzeko asmorik ez duela.
Madrilgo legebiltzarrean diputatu gehiago izateak lagundu al dezake Euskal Herriaren nazio eraikuntzan?
Uranga (PSE-EE).– Na- zionalisten ikuspegitik begiratuta, nik uste dut baietz, eta gainera, uste dut hor aukera ona badagoela katalanekin eta galiziarrekin.
Bereziartua (EA).– Kantitatearen kontua ez da, presentziarena baizik. Han bozeramaile bat egotea garrantzitsua da. Orain, ikusiko bagenu Espainiako hauteskundeetara ez joanda gaur bertan lortuko genukeela autodeterminazioa, bada gaur egin beharko genuke, baina oraindik gertutasun hori ikusten ez den bitartean...
Odriozola (EH).– Hemen gure herria eraikitzeko gai garela erakusteko modua badago, eta horretarako EAJ, EA eta EHk bat egin beharko genuke, baina ez da posible izan. Eta borroka honetan lehenengo pausoa beti sektore batek ematen du, eta hor dugu intsumisioaren adibidea, gazteak izan zirelako aurrenekoak. Nazio eraikuntzan ari gara, eta uste dugu desobedientzia mailak piztu behar direla. Eta zaila izaten da denok batera hastea; beti norbaitek izan behar du lehenengoa.
Odria (EAJ).– Baina oraindik ere han zeregin handia dugu. Gu hara ez joanda besteak ez dira larrituko, gustura jarri baizik. Oraindik ere hainbat eta hainbat gauza Madrilgo legebiltzarretik pasatuko dira, eta han parte hartu beharra daukagu, nahiz eta gustura ez joan. Zer egin behar dugu, guztiari ezetz esan? Ez dut uste egokiena denik.
Bereziartua (EA).– Gai-nera, kontu bat da autodeterminazioa lortzea eta nazio eraikuntzan lana egitea, baina horrez gain herri honetako jendeak jan egin behar du, dirua behar du. Eta horretarako edozein lekutan parte hartu behar dugu. Azken urteetan herri honetan zer egin den kontuan hartu behar da.
Euskal Herriko egoera politikoan eraginik izango al luke PSOEk edo PPk, batak ala besteak irabazi?
Uranga (PSE-EE).– Nik uste dut gu ez garela hori erantzuteko egokienak, baina gainontzeko alderdiek nahikoa garbi utzi dutela uste dut.
Bereziartua (EA).– Niri itxaropena behintzat sortzen dit alternatiba bat egoteak. Betiere zerbait desberdina sor daiteke. PPk behin eta berriro dio bera ez dela mugituko, azken finean soziologikoki boto frankista beraiena delako.
Odriozola (EH).– IUk autodeterminazio eskubidea onartzen du, eta ho-nen laguntzarekin PSOE boterera iritsiko balitz, ea zer gertatzen den. Baina lehengo esperientzia ikusita, ez dakit ba...
Odria (EAJ).– 20 urtetan denak pasatu dira Espainiako Gobernu horretatik, eta orain batek gehiengo osoa lortuko balu, ahaztu autodeterminazio eskubidearekin. Bestela, denek zerbait etsi beharko dute, eta ikusi egin beharko da. Baina nik ez dut ilusio handirik egingo.
Odriozola (EH).– Azken finean, hemen Lizarra-Garazik egingo duen indarrak eragin handiagoa izango du hango emaitzek baino. Eta horrek eguneroko lana eskatzen du Euskal Herrian. Indarrak batu eta urratsak eman behar dira.
PSOE gatazka honen erroei eusteko prest legokeela uste al duzue, gero zer lortzen den alde batera utzita?
Uranga (PSE-EE).– Nik uste dut alderdi sozialista lehen ere makina bat aldiz saiatu dela negoziatzen, bai ETArekin eta baita bestela ere. Eta uste dut berriro ere saiakera egingo lukeela.
Odriozola (EH).– Beste jarrera bat daukala ezin ukatu. Ibarretxeren foroa ere onartu du, PPk ez bezala, eta badirudi hor zirrikitu bat ikus daitekeela. Aurreko hauteskundeetan PSOE askoz ere itxiago ikusi nuen, eta oraingoan PPrengandik aldendu egin dela dirudi. Baina horrek ez du esan nahi ezer.
Bereziartua (EA).– Nik ere aldaketa ikusten dut. Baina hori guztia gertatzeko beharrezkoa da gaur egun gertatzen diren zenbait gauza ez gertatzea. PSEko zinegotziei erasotzea zailtasun erantsi bat dela uste dut nik. Haien ingurua oso kontra jartzea besterik ez dugu lortuko. Erasoak geldituta, askoz hobeto izango da jende hori guregana hurbiltzeko.
Aurreko hauteskundeetan EAJ eta EA elkarrekin joan ziren toki eta erakunde askotan, eta oraingoan ez. Bestalde, hiru alderdi abertzaleak Europara batera joateko proposamenik ere izan zen. Gutxieneko puntu batzuen inguruan abertzaleak Madrilera elkarrekin joatea posible ikusten al duzue?
Odria (EAJ).– Nik posible ez dut ikusten; baina behar bada positibo bai. Minimo batzuen inguruan elkarrekin joatea positiboa litzateke, baina gaur egun ez dut posible ikusten. Hala ere, esan beharra daukat abstentzioaren kontua baino positiboago ikusten dudala elkarrekin joate hori.
Odriozola (EH).– Azken hauteskundeetan saiakera bat egin zen alderdi abertzaleak Europara elkarrekin joateko, baina ez zen posible izan. Espainia mailan baino posibleago ikusten dut hori Europan, baina ez ginen ados jarri. Guk aurrera begira desobedientzia bideak landuko ditugu.
Bereziartua (EA).– Elkarrekin joateko, aurretik lan handia egin behar da, besterik gabe ezin da hori egin. Gainera, askotan botoak gehitzeko baino kentzeko balio izaten du elkarrekin joate horrek, eta agintariek hori guztia aztertuko zuten.
(Fernando Buesa eta haren bizkartzainaren kontrako atentatua baino egun bat lehenago egin genuen mahainguru bat, eta orduan giro lasaian aritu ziren laurak. Ikusi egin behar zer gertatuko litzatekeen geroago egingo bagenu. Herriko udalean behintzat hasi dira desadostasunak, eta herrian tentsio uneak ere izan dira.)
|