Elkarrizketa
: Andoni Azpillaga (Pyrenako partaidea)
“Zakurren mundu honek bete egiten nau”
Igor Aramendi
Hain ikusgarria baina era berean gure artean hain ezezaguna den zakur-lera lasterketek badute jarraitzailerik gure herrian. Orain hiru bat aste bukatu zen Pyrena proba, eta hiru azpeitiar izan dira han. Haien artean, Andoni Azpillaga Banana. Hamalaugarren postuan bukatu zuen. Harekin jardun dugu huntaz eta hartaz.
|
|
Andoni Azpillaga, Banana.
Bere zakurrekin, azkeneko Pyrena probako etapa batean. Hamalaugarren bukatu zuen.
|
|
**Zakur-leren kirol honetaz asko ulertzen ez dutenei, gehienbat Pyrena proba egiten zaie ezagunena belarrira (Iruñean hasi zen).**
Bai. Hemen inguruan egiten den probarik garrantzitsuenetakoa da. Aurtengoa hamargarren aldia izan da, eta munduko hamabost herrialdeetatik etorritako kirolariek hartu dute parte bertan. Batzuk aipatzearren, norvegiarrak, txekiarrak, argentinarrak, italiarrak...
...eta tartean euskaldunak ere bai.
- partehartzaileetatik 11 ginen euskal herritarrak. Beraz, nahiko ordezkaritza zabala eraman genuen.
Eta 11 haien artean zu zeu .
Bai, horrela da. Baina esan behar dut ez nintzela han egon zen azpeitiar bakarra. Zakurrekin musher bezala bai baina handler bezala beste bi azpeitiar ere han egon ziren: Luis Martija eta Igor Uria.
Zer alde dago musher eta handler-en artean?
Musher-aren laguntzailea da handler-a. Honek prestatzen ditu zakurrak: jaten eman, dena txukun eduki eta horrelakoak egiten ditu. Oso garrantzitsua da handler-en lana, izugarrizko karga kentzen digutelako gainetik. Nire laguntzailea Igor Uria izan zen.
Eta zer moduz moldatu zineten?
Hamalaugarrenak izan ginen.
Eginiko lanarekin gustura?
Ez nuen uste hain aurrean bukatuko nuenik. Aurreneko etapan 38. egin nuen, eta nire postua hor nonbait egongo zela pentsatu nuen. Leraren aurrealdean nituen bi zakurrik azkarrenak jarri nituen, baina gazteak dira eta ez zuten norabide onik hartzen bihurguneetan. Hori ikusita, beste zakur bat jarri nuen aurrealdean gidari bezala gainontzeko etapetan, eta gehienetan hamabi lehenen barruan bukatu genuen. Oso gustura nago zakurrek egin zuten lanarekin.
Zer-nolako giroa izan zenuten partaideen artean?
Aurrealdean ibiltzen diren gehienak irabaztera, lehiatzera doaz eta beste partaideekin nahiko itxiak dira. Sailkapenean erditik atzera daudenak, ordea, ondo pasatzera doaz —goaz— eta hauekin ederki moldatzen gara.
Zeuren lehen Pyrena izan da, ezta?
Musher moduan bai, baina beste bitan egona naiz, handler, laguntzaile bezala. Espainiako Txapelketan ere irtenda nago.
Nolatan sartu zinen mundu honetan?
Zakur bat oparitu zidaten eta kirol hau telebistaz ikusi eta gustatu egin zitzaidanez, zakurra bizikletari soka zaharrez lotu eta horrela hasi nintzen zaletzen, gaur arte.
Gaur egun zenbat zakur dituzu?
Guztira 23 bat. Gehienak zakur desberdinak gurutzatuz atera ditut. Saldu ere noizbehinka batzuk saltzen ditut. Esate baterako, Pyrena bukatutakoan bi zakur saldu nituen.
Ez duzu lan makala izango guztiak mantentzen, ezta
Pentsa, pentsutan bakarrik 40.000 pezeta gastatzen ditut hilero. Horri gehitu txertoa, garraioa, larrua, lera... Gastu handia da.
Lana ere ez dute ba gutxi emango!
Egunero goizeko zazpietarako zakurtegira joaten naiz jana ematera, eguerdian berriro eta arratsaldean lanetik irtendakoan entrenatzera joaten naiz.
Nolakoak dira entrenamenduak?
Udan, beroa dela-eta, zakurrak geldirik edukitzen ditut. Baina irailetik aurrera pixkanaka-pixkanaka entrenamendu gogorragoak jartzen dizkiet, eta neguan normalean hiru egun entrenatu eta bat atsedena egiten dut.
Zure kasuan, behintzat, zakurra gizonaren lagunik onena dela esatea ez da oker handia izango.
Lagun ona da, baina bestela ere baditut oso lagun onak eta ez nituzke inoiz zakurrengatik aldatuko. Baina hau da nire mundua, bete egiten bainau.
|