Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Martxoa »  EH »  Erantzuna

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Udala : EHren erantzuna EAJ-EAren udal programari

Jarduera-oinarriak eta helburuak aztertuz

Urtarrileko alean Uztarriak ia oso-osorik sartu zuen EAJren eta EAren lau urterako udal programa, eta orain ere ia osorik sartuko dugu EHren erantzuna.

KONTINUISMOA

Behin baino gehiagotan adierazi dugu, Azpeitiko Udala demokratizatze bidean, hiru alderdien arteko joko librea iruditzen zitzaigula egokiena eta aberatsena herriarentzat. Tamalez beste oilar batek jo digu kukurruku; ezin izan da... edo ez dugu asmatu. Berriro kontinuismoaren bidea nagusitu da. Indar bakoitzaren ordezkaritza aldatzen ari da hauteskunde batetik hurrengora, baina alderdi bakoitzak lehengo tokian dirau: batzuk gobernuan, beti bezala, eta besteok, beti bezala, oposizioan.

JARDUERA-OINARRIAK

Bi alderdien arteko akordioa osatzen duten hamabi jarduera-oinarrietako lehen puntuan elkarri agintzen diote Funtzionamendu Araudia (Udaleko gobernu organoen araudia) beteko dutela. Guk ere beharrezkoa jotzen genuen araudi horren ezarpena. Kontua da azaroaren 10eko plenoan onartu zen Funtzionamendu Araudia guk nahiko genukeen eredutik urrun samar geratu dela. Legediari estuegi lotzen zaio, eta herritarren parte hartzeari muga handiegiak jartzen dizkio EAJ eta EAren botoekin onartu zen araudi horrek. Gainera, akordioak, itxura batera behintzat, zirrikituak uzten ditu gardentasunik gabe eta ilun jokatu ahal izateko. Esaterako, dirulaguntza eta kontratazio guztietan bi aldeek elkarri informazioa pasatzeko konpromezua hartua dute —ez ordea alderdi guztiei pasatzekoa—, aspalditik datozen amigismo eta dedokrazia praktikei atea zabalik utziz.

Udala ulertzeko era patrimonialista bat somatzen dugu akordio horretan. Hori argi ikus daiteke izendapenen atalari erreparatzen badiogu. Jakina partizio hori demokratikoa dela, demokrazia batez ere aritmetika eta boto metatzean ikusten badugu; aldiz, demokrazia herriko borondate desberdinen arteko elkar-hartze, elkar-trukatze, elkar-lehiatze bezala hartzen badugu, ez hainbeste.

Ona da itunkideek gobernu programaren lehentasunezko helburuak urtero zehazteko hartu duten erabakia, hartara oposizioari ere joko politikoan aritzeko esparru bat geratzen zaiolako nolabait. Beste horrenbeste esan daiteke adostu gabe utzi dituzten gaien inguruan (saihesbidea, igerilekua, gerentea...).

Bestetik, bai komisioen funtzioak eta bai helburuak oso zabalak eta orokorrak dira. Horrek zuzen eta zorrotz baloratzea zaildu egiten duen arren, maiz ez du ezkutatzen atzetik dagoen filosofia.

Akordioak, lau urterako adostutako programa baino gehiago, hauteskunde garaiko bi programen nahasketa dirudi. Badirudi EAJk eta EAk ez dutela lehentasunik, edo gutxienez ez dituztela kaleratu nahi. Herritarren partaidetza aipatzen da programan, baina parte hartze hori ez da organikoki egituratzen. Politikaren ikuskera delegazionista dute EAJk eta EAk.

Udaletxea enpresa pribatua balitz bezala kudeatzeko joera ere ageri da programan, jardunaldi ekonomikoaren helburu nagusien artean zorra gutxitzea ezarriz. Gure iritziz helburu horri lehentasuna emateak politika sozialean aurrerago ez egitea dakar gehienetan.

UDAL ADJUDIKAZIOAK

Ez dute azaltzen hemendik aurrera Udal adjudikazioak (obrak, kontratoak) nola egingo diren.Orain arte bezala jarraituko al dute? Udaletxeko lanpostuak betetzeko zein irizpide erabiliko dituzten ere ez da aipatzen, behar bada hori ere ez da aldatuko. Zein neurri hartuko dituzte enplegua sortzeko banatzen diren diru kopuruak , orain arte ez bezala, Azpeitiko enpresari guztiek eskuratu ahal ditzaten? Eta abar luzea.

KULTUR ETXEA

Aspalditik herrian dagoen eskaeratako bat kultur etxearena da, eta ez dute aipatzen. San Agustinen kultur ekintzetako egokitze lanak aurrera doaz, Basozabalen proiektua martxan jartzeko aurrekontua lehengo urtetik onartua dago, beraz paktuan aipatzen den zine aretoaren erosketa ez dugu uste Azpeitiak dituen lehentasunezko beharren artean koka daitekeenik.

GAZTERIA

Gazteriaren arloan bete beharreko funtzioak aipatzen dituzte eta beste batzuen artean ludoteka, gaztetxokoa, lokal soziokulturalak ageri dira , eta ados gaude horrekin. Baina ahaztu egin ote zaie gaztegunea (gaztetxea) aipatzea? Ez, ziur gaude askotan entzun badute ere ez dutela gaztetxea lehentasunen artean sartzen zoritxarrez.

INGURUGIROA

Hor azaltzen den plangintza guztia txalotzekoa da benetan, baina nekez uler daiteke asmo horiek denak izan eta Basarteko Oņeder enpresari irekitze baimena ematea.

BABES OFIZIALEKO ETXEAK

Babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea, dudarik ez, Azpeitiak duen lehentasunezko beharretako bat dela, alde batetik herritar askoren eskea delako, eta bestetik gaur egun etxebizitza pribatuekin gertatzen ari den espekulazioa gelditu beharra dagoelako. Azken urteetan egin dutena baino gehiago egin beharko dute, eta benetan hasten badira behintzat EHren laguntza guztia izango dute.

SAIHESBIDEA

Auzi horretan, EAJk eta EAk egiten duten proposamenean bi alderdien arteko adostasuna jartzen dute helburu moduan, ez herritarrena, eta proiektu bat abian jartzea ere aipatzen dute. Proiektu hori zehaztuta dagoela dirudi eta hala balitz esan egin behar lukete zein den hobesten dutena. Nola konponduko dute herri barruko trafikoa? Garmenditik Loiolarako bidea egokituko al da? Saihesbidea al da soluzio bakarra? Guk, dauden eta egon litezkeen saihesbidearen proiektuen aurretik zera jarriko genuke: ideia leihaketa publikoa Azpeitiko hirigintza antolamenduari erantzun orokorra emateko.

AUZOAK

Telekomunikazioko bigarren eragilea, telefonia, internet, informazioaren autopistak eta abar, dudarik gabe beharrezkoak ditugu gaur egun, baina Azpeitiko auzo eta baserri askotan telebistarik ezin dute ikusi. Ezin aipatu gabe utzi auzoetako infraestrukturak ere: Nuarbeko frontoia, umeentzako parkea, lokal publikoa; Urrestillako zaharretxea, gazteen lokala, liburutegia, sendagilearen kontsulta.

ONDORIOA

Orokorrean balorazioa eskasa da eta azken urteetako politikaren jarraipen hutsa, eta tamalez ez da berrikuntzarik somatzen. Denbora izango da diogunaren testigu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak